Politika -
Londresen
De Juana Chaosek ihes egin duen galdetu dio Velascok Interpoli
Ipar Irlandako agintariekin harremanetan daudela eta lankidetzaz kexa egin ezin dutela ziurtatu du Maria Teresa Fernandez de la Vegak.
Erredakzioa
Iñaki de Juana Chaos ETAko kide ohia non dagoen eta ihes egin duen baieztatzeko galdetu dio Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Londresko Interpoli. Azken hilabetean Iñaki de Juana ez da Poliziaren komisariara joan (egunero sinatzera bertaratzeko agindua dauka). Terrorismoa goratzeagatik epaitu nahi du Velascok.
Epaitegiko iturriek diotenez, eskaera hori egin aurretik, Ipar Irlandako justizia ez da Velascorekin harremanetan ipini; hortaz, ez diote esan hilabete bat daramala De Juanak komisariara joan gabe. Era berean, ez diote esan, atzo, De Juanaren baldintzapeko askatasuna atzera botatzeko eskatu ziola Ipar Irlandak Belfalsteko Auzitegiari.
2008an Donostian, De Juana kartzelatik atera ostean, berari egindako omenaldian irakurritako gutun bati buruz galdetu nahi dio Velascok.
"Ezin gara Irlandako lankidetzaz kexatu"
Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko lehendakariordeak adierazi duenez, Gobernua Ipar Irlandako agintariekin harremanetan dago Iñaki de Juana Chaosen desagerpenaren inguruko xehetasunak ezagutzeko, eta ezin dira Irlandako lankidetzaz kexatu.
Egoera honen aurrean "zuhurtasun osoz" jokatu behar dela eta Ipar Irlandarekin harremanetan daudela adierazi du De la Vegak, kasu bakoitzean dagokion informazioa trukatzeko.