Politika -
Bakerako Hezkuntza Plana
Proiektua "zerotik hasi" beharko litzateke, Egibarren esanetan
Orain arte elkarrizketa "baliogabea" izan dela esan du EAJko bozeramaileak. Jose Antonio Pastor PSEko bozeramailearen ahotan, Plana "gehiengo zabal batekin onartuko" dute.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJko bozeramaileak atzera egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari eta Bakerako Hezkuntza Plana "zerotik hasi" beharko litzakeela uste du, "adostasuna bilatu nahi baldin badute behintzat".
Azken egunetan Eusko Jaurlaritzako sailburuek eta bozeramaile sozialistek egindako adierazpenei buruz galdetu diote Egibarri Eusko Legebiltzarreko pasiloetan. EAJrekin akordioa hurbil izan daitekeela esan dute sozialistek azkenaldian, baina orain arte elkarrizketa "baliogabea" izan dela esan du Egibarrek.
Hitz egiten hasteko jeltzaleek Exekutiboari jarritako baldintza bakarra gogorarazi du EAJko bozeramaileak. Bakerako Hezkuntza Planaren testu osoa eskuetan izan, eta aurreko egitasmoko zein zati ez da ukituko eta zein bai ezagutzea zen baldintza.
"Oraindik ez dugu testurik ezagutzen", azaldu du Egibarrek. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Patxi Lopez lehendakariari eskatu zion "idatziz".
Ondorioz, Plan berriari buruz Eusko Jaurlaritzarekin edo PSErekin hitz egiten hasi ez direla adierazi du Egibarrek, "hitz egiten hasteko" testu "moldatua" izan nahi duelako EAJk.
Pastor
Datorren astean EAJrekin bilduko direla iragarri du Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak eta Plana "gehiengo zabal batekin onartuko" dutela erantsi du.
Bestalde, Euskadiko Eskola Kontseiluak egindako ekarpenak "positibotzat" jo ditu Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak.