Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Mendia:"Ekonomian urte zaila izan arren balantzea oso positiboa da"

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak "euskal gizartearen normaltasun demokratikoa" azpimarratu du, "nahiz eta duela urtebete alderdi batzuk kolpe demokratikoa izan zela esan".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du "ekonomia alorrean urte zaila izan" den arren, Jaurlaritzara iritsi eta 12 hilabetera "balantzea oso positiboa" dela. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak "euskal gizartearen normaltasun demokratikoa" azpimarratu du, "nahiz eta duela urtebete alderdi batzuk kolpe demokratikoa izan zela esan".

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean Mendiak azaldu duenez, "politika lasaiago dago, ez gaude identitate eztabaidetan, neurri ekonomikoetan baizik".

Jaurlaritzaren bozeramaileak Eusko Jaurlaritzara iritsi zirenetik igaro den urtearen balantzea egin du eta adierazi duenez, "nahiz eta ekonomia alorrean urte zaila izan, balantzea oso positiboa da. Azpimarragarria da euskal gizartearen normaltasun demokratikoa. Nahiz eta duela urtebete alderdi batzuk kolpe demokratikoa izan zela esan, hiritarrek normaltasunez hartu dute".

Gobernu aldaketa "maila askotan nabari" dela uste du: "Politika lasaiago dago, ez gaude identitate eztabaidetan, neurri ekonomikoetan baizik, pertsonei laguntzeko, industria indartzeko".

"Terrorismoaren alorrean ere aldatu" omen da egoera, "gure helburua kalera normaltasuna eramatea da, tolerantzia zero politika". "Normaltasuna eta lasaitasuna, tentsio gabeko politika, kalean eta Legebiltzarrean. Elkarrizketa da gure politika egiteko modua. 10 urte pasa ziren elkarrizketa sozialik gabe, eta guk berreskuratu egin dugu", goraipatu du Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Garrantzitsuena "krisiari aurre egiteko neurriak" hartzea dela esan du Mendiak, "hori da kezka nagusia, 138.000 langabeei lagundu behar zaie".

Akordioa PPrekin

Justizia sailburuak esan du PPrekin Jaurlaritza lortzeko egin zuten akordioa "edozein alderdik" sina zezakeela. Gainera, PPk Patxi Lopez lehendakariak adina agintzen duela esatea "lelokeria" bat dela adierazi du, "hori EAJk esaten" duela.

Egungo Jaurlaritzaren transbertsalitatea, gainera, handia dela esan du: "Akordio zabalak lortu ditugu EAJrekin, PPrekin eta Aralarrekin. Egonkortasun instituzionalerako akordioan kasu".

Egibarren adierazpenak

Oposizioko lehenengo alderdiarekin, EAJrekin, duten harremana ona dela esan du, "eurak dauden erakundeetan" bereziki.

Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako buruak atzo Espainia ez den merkatu bat bilatu behar dela esanez egin zituen adierazpenen harira, Mendiak esan du Espainia dela "gure merkatu nagusia" eta bertan saltzen "segi behar dela, ona delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea