Politika -

Kontseilua

Euskararekiko "konpromisora" igarotzeko deia egin du Paul Bilbaok

Kontseiluko idazkari nagusi berriaren hitzetan, euskarak gero eta "hiztun gehiago" ditu. "Euskal Herriko biztanleen %25 elebiduna da", esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi berriak euskararekiko "atxikimendutik konpromisora" igarotzeko deia egin die gaur herritarrei, eragile sozial, politiko eta sindikalei eta erakundeei, hizkuntz normalizazioaren prozesuan "aurrerapauso bat" eman eta "bizkortzeko". Izan ere, bere esanetan, gaur egun, administrazioek "euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen dute" oraindik.

Bilbaok gosari informatibo bat eskaini du gaur Donostian, orain arte Kontseiluko idazkari nagusi izandako Xabier Mendigurenekin batera. Mendigurenek ekitaldia baliatu du hedabideei agur esateko eta erakundearen lana zabaltzen "azken 12 urteetan egin duten lana" eskertzeko.

Kontseiluko idazkari nagusi berriak nabarmendu du "ohorea" izan dela Mendigurenekin "bere jakituria, bere lan egiteko gogoa, bere ilusioa eta bere grina" partekatzea. Horrela, "herentzia" horrek ibilbide berrian lagundu egingo diola adierazi du, eta Kontseiluan ez dela "inolako apurketarik ez aldaketarik izango" ziurtatu du.

Zentzu honetan, euskarak aurrera jarraitzen duela, bere normalizazioaren aldeko "gehiengo sozial bat" dagoela eta "gero eta hiztun gehiago" dituela azpimarratu du, "Euskal Herriko biztanleen %25 elebiduna izanik". Hala ere, nahikoa ez dela iritzi dio, gaur egungo egoeran, "euskararen unibertsalizazioak ehunka urte" beharko lituzkeelako.

Gainera, gaur egun oraindik euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela deitoratu du, administrazioek "eskubide hori urratzen dutelako" eta euskara "beti bigarren tokira baztertzen delako gaztelania edo frantsesarekiko".

Testuinguru honetan, Bilbaoren esanetan, etorkizunari begira, Kontseiluaren helburua euskararen normalizazio prozesua "bizkortzea" izaten jarraituko du. Hala ere, orain arte euskararekiko "atxikimendua" eskatzen bazen, orain "konpromisoa" eskatuko dela esan du, "''Bai euskarari''-tik, ''Euskaraz bai''-ra igarotzea".

"Euskara erabiltzea, ikastea eta gozatzea da herritarrei eskatzen dieguna", gaineratu du. Halaber, eragile sozial, politiko eta sindikalei "beren agenda guztietan hizkuntz normalizazioa sartzeko" eskatu die, "euskara guztiona izan behar delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea