Itxi

Politika

Estrasburgo

Ustezko torturak ez ikertzeagatik berriz zigortu dute Espainia

Agentziak | Erredakzioa

Xabier Beortegi iruindarrari 23.500 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio Espainiako Gobernuak.

1:23

Xabier Beortegi iruindarrak salatutako ustezko torturak ez ikertzeagatik Espainia zigortu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, astearte honetan ezagutarazi duen epaiaren arabera. Espainiako Gobernuak 23.500 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio gazteari.

Antzeko beste kasu batzuekin gertatu den bezala, Auzitegiak aho batez hartu du erabakia. Epaileen ustez, Giza Eskubideen Europako Ituna urratu zuen Espainiak ustezko tortura kasu hau ez ikertzea erabakita.

Xabier Beortegi Martinez Guardia Zibilak atxilotu zuen 2011ko urtarrilean, Ekinekin lotura zuelakoan. Inkomunikazioan zehar torturak salatu zituen atxilotuak. Grande Marlaska epaileak aske utzi zuen gero.

Torturari Aurrea Hartzeko Batzordeak Europar Batzordeari egindako neurri sortak bere egiteko dei egin dio Auzitegiak Espainiari. Horrez gain, tratu txarrak saiheste aldera, atxilotutakoak "zaintzeko ardura duten funtzionarioei jokabide kode argi bat" jakinarazi behar zaiela uste dute epaileek.

Auzitegiak ezarritako zigorra horrela banatzen da: 20.000 euro kalte moralengatik, eta 3.500, gastuengatik eta ordainsariengatik.

Iruñeko epaitegi batean salatu zituen torturak Beortegik

Estrasburgoko auzitegiaren esanetan, ez du gazteak pairatu omen zituen tratu txarrak ikertzeko "nahikoa elementu", baina "zantzu arrazoizkoak daude torturatua izan zela pentsatzeko. Estatuari dagokio ikerketa inpartzial eta berehalako bat abiatzea", ageri da epaian.

Beortegik bere salaketan jaso zuenez, Iruñetik Madrilerako bidean buruan, barrabiletan eta saihetsetan kolpatu zuten Guardia Zibileko lau agenteek. Madrilgo kuartelean, bera itotzen saiatu ziren, eta mehatxu ugari egin zizkioten, besteak beste, "gorputzean elektrodoak" jarriko zizkiotela eta "ipurtzulotik makil bat sartuko" ziotela.

Ustezko torturak Iruñeko epaitegi batean salatu zituen gazteak, baina auzia artxibatu zuten epaileek. Helegitea aztertu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak "ikerketa sakon bat" egin behar zela iritzi zion, baina ez zuen probarik aurkezteko aukerarik eman. Beortegik epai honi jarritako babes-errekurtsoa baztertu zuen azkenean Auzitegi Konstituzionalak.

Beortegiren salaketarekin, jadanik hainbat tortura salaketa onartu ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, honakoenak: Jon Patxi Arratibel (2015), Beatriz Exeberria eta Oihan Unai Ataun (2014), Martxelo Otamendi (2012), Aritz Beristain (2011) eta Mikel San Argimiro (2010). Kasu guztietan tortura salaketak nahiko ikertu ez dituztela ebatzi du epaitegiak.

Sortuk "erantzukizuna bere gain hartzea" eskatu dio Espainiari

Espainiako Estatuari "erantzukizuna bere gain hartzea" eskatu dio Sortuk "torturari dagokionean" eta tratu txarrekin lortutako autoerruztatzeak bertan behera uztea eskatu du.

Formazio abertzalearen arabera, sententziak argi uzten du tortura "sistematikoki independentisten aurka" erabili dutela eta ez zirela isolatutako kasuak izan. "Indarra erabiltzea erabaki zuten funtzionarien erantzukizuna" azpimarratu dute. Sorturen arabera, azken 50 urteotan 10.000 tortura kasu dokumentatu dituzte eta milaka oraindik ez dira argitu.

"Elkarbizitza benetako helburua bada, egia ezagutu behar dugu. Zer gertatu zen, nork torturatu zuen nor, non dauden erantzukizunak. Guzti hau ezagutu behar da", azaldu dute.

", azaldu dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena