Politika -
Krisia
Greba orokor eguna Grezian, Gobernuaren murrizketa planaren aurka
Besteak beste, BEZa igo eta kaleratzeak liberalizatu asmo du Exekutiboak.
Erredakzioa
Greziako langileek 24 orduko greba orokor eguna dute gaur berriro, gastua murrizteko Gobernuak onartu nahi dituen neurrien aurka protesta egiteko.
Hori horrela, langile guztiak greba egitera daude gaur deituta: Garraio sektorekoak, industriakoak, bankuetakoak, kazetariak, abokatuak, ospitale publikoetako medikuak, irakasleak (bigarren egunez jarraian haien kasuan) eta abar.
Gobernuak hiru urtetan 30.000 milioi euro aurrezteko plana aurkeztu eta gero greziarrek egingo duten lehen greba orokorra izango da. Dena dela, urteko laugarrena ere bada.
Gobernuaren neurriak
Hain justu, Exekutiboak atzo aurkeztu zuen proiektua Parlamentuan.
Programa hori ezinbesteko baldintza zen Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak 110.000 milioi euroko laguntza emateko. Diru bateratua sortu zenetik herrialde bat erreskatatu duten lehen aldia izan da.
Lege proiektua ostegunean izapidetuko dute Ganberan, eta azkar onartzea espero dute, sozialistek (gobernuan daudenak) gehiengo osoa baitute.
Hain zuzen ere, tabakoaren, alkoholaren, luxuzko produktuen eta gasolinaren zergak handitzea eta BEZa %21etik %23ra igotzea aurreikusten du planak, beste hainbat neurriren artean.
Halaber, funtzionario publikoei soldatak murriztu eta aparteko bi ordainsariak kendu nahi dizkiete.
Bere aldetik, Andreas Loverdos Lan ministerioak baieztatu egin ditu lan erreformak: Hilabete batean sektore pribatuetako enpresek egin ditzaketen kaleratzeak %2tik %4ra igotzea eta kaleratzeak liberalizatzea, besteak beste.
Erretiro adina 65 urtekoa izango dela ere baieztatu du.
Sindikatuen iritzia
Spiros Papaspiros langile zibilen sindikatuko presidenteak esan du neurriak "oso zorrotzak" direla langileentzat, eta gizarte segurantzan ere "mehatxu" izan litezkeen aldaketak ere egingo dituzten beldur agertu da.
Bestalde, langileen konfederazio nagusiak agiri batean azaldu duenez, "Grezia salbatzeko eta neurri zorrotzen eta bidegabekeria sozialaren aurka protesta egiteko" deitu du greba eguna.