Politika -

Radio Euskadiko tertulian

Espainiako Bankuaren proposamenak baztertu dituzte euskal alderdiek

Espainiako Bankuak proposaturiko lan erreformak prekarietatea eta langileen babesgabetasuna areagotu eta arrakala soziala larriagotuko lituzkeela uste dute.

Oskar Matute, Miren Gallastegi eta Iñigo Iturrate. Argazkia: EiTB
Oskar Matute, Miren Gallastegi eta Iñigo Iturrate. Argazkia: EiTB
Oskar Matute, Miren Gallastegi eta Iñigo Iturrate. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk Espainiako Bankuak lan merkatuaz egin berri dituen proposamenak baztertu dituzte, prekarietatea eta langileen babesgabetasuna areagotu eta arrakala soziala larriagotuko lituzkeela argudiatuta.

Radio Euskadiko 'Parlamento en las ondas' saioan EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPko ordezkariek gogor salatu dute Espainiako Bankuak proposatu duen lan erreforma. Halaber, langileen soldatak jaistea eta langile finkoen kaleratzeak merkatzea ere proposatu du.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak adierazi duenez, kaleratzeak merkatzea "funtzionatu ez duen errezeta zahar" bat da. Haren esanetan, PPren azken lan erreformak ez ditu bere helburuak lortu eta langabezia jaitsi bada ere, behin-behineko enplegua hazi eta arrakala soziala larriagotu egin da.

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Espainiako Bankuaren proposamenak prekarietatea ekarriko duela gehiengoarentzat eta gutxiengo bat, ostera, aberastu egingo dela. Hori dela eta, arrakala soziala handitu egingo dela eta gizarte justuago bat lortzeko bidean atzera pausoa dela gaineratu du.

PSE-EEren izenean Miren Gallastegik adierazi duenez, Espainiako Bankuaren gomendioak "ergelkeria hutsa" dira eta lan baldintzak are gehiago prekarizatzea eta langileak babesgabetzea eragingo dute.

Bestalde, Carmelo Barrio 'popularra'ren esanetan, Espainiako Bankuaren gomendioak "oso teorikoak" dira "errealistagoak" izan beharko lukete. Are gehiago, Espainiako Bankuaren gomendioak aurrez Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak egindakoen antzekoak direla adierazi du.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak