Politika -
Omenaldia
Urkulluk jardunean hildako ertzainak omendu ditu
Aipamen berezia egin die ETAk hildako 15 ertzainei. "Erradiografia mingarria da, gertatutakoaren eta berriro gertatu behar ez den kronika beltza", baieztatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Arkauten izan da gaur goizean, azken hilabeteetan merezi bereziko egintzetan parte hartu duten ertzainei dominak emateko eta Ertzaintzaren historia hurbilean zerbitzuan hildako ertzainen omenezko ekitaldiaren buru. Bertan Ertzaintzak hildako 15 ertzainen gainean aipamen berezia egin du. "Jomugan hartutako pertsonak dira. Erradiografia mingarria da, gertatutakoaren eta berriro gertatu behar ez den kronika beltza", azaldu du.
Ekaineko lehenengo igande guztietan bezala, gaur ere, azken urtean merezi bereziko egintzetan parte hartu duten ertzainei ohore-dominak emateko ekitaldia egin da Arkauten. Ekitaldian, halaber, zerbitzua ematean 1982tik gaur egun bitartean hildakoen tradiziozko oroitzapena egin da. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da buru, Segurtasun Saileko eta Ertzaintzako arduradun nagusiak izan dituela lagun (Estefania Beltan de Heredia tartean) bai eta Terrorismoaren Biktima izandako Ertzainen eta haien Senideen Elkarteko arduraduna, sindikatuen ordezkariak eta omendutakoen senitarteko, adiskide eta lankideak ere.
Ekitaldian zehar Urkulluk adierazi duenez, "gaurkoa oroitzeko, omentzeko eta eskertzeko egun berezia da. Aurten gure oroitzapena eta omenaldia ETAren mehatxuaren eraginez ertzainen kolektiboak eta haien senitartekoek jasandako bidegabekeria jasotzen duen txostenaren barruan kokatzen da".
Azpimarratu duenaren arabera, "txosten horrek hobeto eta sakontasun gehiagoz ezagutzea ahalbidetu digu kolektibo osoak eta haien senideek pairatu zuten mehatxua, ETAk eta haren inguruak egindako jazarpena; baita jasandako sufrimenduaren gainean bizitako esperientziez, alderdi subjektiboez, pertsonalez eta besterezinez barneratzea ere, eta zerbitzu publikoan aritzeagatik pairatu zuten eskubide urraketaren jabe izatea".
Domina banaketa
Orotara, zazpi ertzain saritu dituzte dagozkien modalitateetan. Bik jaso dute polizia-lanarengatiko bereizgarri berdea duen domina. Lehenak, 2014ko azaroan, eztarriko trabamendua zuen hamar hileko haur bati bizitza salbatu zion Balmasedan. Bigarrenak, 2015eko otsailean, arrisku larrian zegoen eta korronteak zeraman gizon bat atera zuen Barbadun ibaitik, Muskiz parean.
Beste bost agentek bereizgarri zuridun domina jaso dute. Bik eraginkortasunez ebatzi zuten ikerketa bat. 2014ko ekainean hasi zuten, Bizkaiko Trapagaran herriko trenbide batean gorpu bat agertu ondoren. Hasiera batean istripua edo suizidioa zirudiena, ikerketak aurrera egin ahala, hilketa izan zela agerian geratu zen, eta egilea identifikatu eta atxilotu egin ahal izan zen.
Domina jasotako beste bi agentek Bilboko ertzain-etxeak 2013 eta 2015 urteen artean gauzatutako ikerketa batean hartu zuten parte. Ikerketa horri esker, droga-trafikatzaileen nazioarteko sare bat desegin zuten, sareko hamazazpi kide atxilotuta eta ia ehun kilo heroina konfiskatuta. Zazpigarrenak, bestalde, 2013ko azaroan, Iurreta parean, ibaitik atera ahal izan zuen itota hiltzeko arriskuan zegoen emakume bat.
(Informazio gehiago, laster)