Politika -
T-4ko atentatua
Akusatuen egiletza frogatuta dagoela uste du fiskalak
Camposek 1.120 urteko kartzela-zigorra eskatu du Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastianentzat eta inputatuek "zer zuten esku artean eta zein kalte lortu nahi zuten" bazekitela esan du.
Erredakzioa
Lau saioren ostean, epaiketa epaiaren zain geratu da. Daniel Campos Auzitegi Nazionaleko (AN) fiskalak 1.120 urteko kartzela-zigorra eskatu du Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastianentzat. Bere ustez, egon badago Barajaseko aireportuko T-4ko atentatuan parte hartu zuten "froga adiera bakarrekoa, erabatekoa eta independentea".
Fiskaltzaren ordezkariak, Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso Palate ekuadortar jatorriko hiritarren hilketagatik bi hilketa delitu egotzi dizkie hiru inputatuei. Horrez gain, 52 hilketa saiakera eta kalte terrorista handiak egin izana leporatu dizkie hiru akusatuei eta hildakoen familia bakoitzari 500.000 euroko kalte-ordaina ematea.
Hiru inputatuei buruz adierazi du, bazekitela "zer zuten esku arte eta zein kalte lortu nahi zuten" eta haiek beraiek onartu zituzten lortu nahi zituzten "kalteak, zaurituak eta hildakoak". Izan ere, "indar handiko" bonba-furgoneta jarri zutela jakinarazteko deitu zuen Portuk. % 98ko probabilitatearekin bera izan zela esan dute deia aztertu duten adituek.
Fiskalak ere aipatu du Portu eta Sarasola atxilotuak izan ziren unean zituzten errebolberrak, euren etxeetan konfiskatutako materiala eta Gaztela-Leongo bigarren mailako errepidetatik Barajasera arte egin zuten ibilbidea erakusten duen plano bat.
Su-etenari amaiera eman zion T-4ko atentatuak "ETAren indarkeria amaitu zezakeen itxaropenarekin" amaitu zuela azpimarratu du Camposek.