Politika -
Operazioa
Segiko lau ustezko kide atxilotu dituzte Iparraldean
Olatz Izagirre, Carlos Renedo, Asier Coloma eta Gaizka Likona dira atzemandakoak. Barne Ministerioak uste du ETAn sartzeko zain zeudela. Beste iturri batzuen arabera, bizimodu publikoa egiten zuten.
Erredakzioa
Segurtasun Indarrek Segiko lau ustezko kide ohi atxilotu dituzte ostegun honetan Iparraldean, Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Aipatu iturriek uste dute laurek ihes egin zutela azaroan Poliziak Segiren aurka egindako operazioaren ostean, eta orain ETAn sartzeko zain zeudela.
Hain zuzen ere, Donibane Lohizunen Olatz Izagirre eta Carlos Renedo atzeman dituzte; Hendaian Asier Coloma eta Ziburun Gaizka Likona.
Laurak terrorista bilatuenen zerrendan zituen Espainiako Poliziak, eta Auzitegi Nazionalaren Instrukzioko 3. Epaitegiak aginduta atxilotu dituzte.
Barne Ministerioaren arabera, atxilotutakoak "ETA erakunde terroristako kideekin harremanak izateko zain zeuden, erakundearen egituretan sartzeko xedez". Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, lau atxilotuek "bizimodu normala eta erabat publikoa" egiten zuten Lapurdin. "Beraien izenean izan dituzte telefono mugikorrak, etxeko alokairu kontratuak... Gainera, lana bilatzeko bulegoetan izena emana zuten", nabarmendu du ohar batean.
Azaroan, Segurtasun Indarrek 35 pertsona atxilotu zituzten Segiren aurkako operazio batean. Horietako 31 kartzelatu egin zituen Fernando Grande Marlaska epaileak.
Autoan, Marlaskak esan zuen Segi "ETAren tentakulua" dela borroka armatuarekin jarraitzeko, eta haren zuzendaritza zortzi pertsonak osatzen zutela, tartean ostegun honetan atxilotutako hiruk (Likona, Renedo eta Izagirre).
Duela aste batzuk, Espainiako Poliziak Segiko ustezko 14 kide ohi terrorista bilatuenen zerrendan sartu zituen, azaroko operazioaren ostean ihes eginda zeudelakoan.