Politika -
Nafarroa
ETB ikusi ahal izateko espektroa handitzea eskatu du Foru Gobernuak
Beste estaldura multiple digital bat jartzea edo Nafarroari dagozkion kate kopurua lautik seira igotzea galdegin dio Foru Gobernuak Estatuari.
Agentzia| Erredakzioa
ETB Nafarroa osoan ikus ahal izan dadin, irrati-maiztasunen espektroa handitzea eskatu dio gaur Nafarroako Gobernuak Estatuari. Ana Ollo bozeramaileak azaldu duenez, eskaera bi modutara bete dezake Gobernu zentralak: erkidegoko estaldura bermatzeko beste multiple digital bat jarrita, edota Nafarroari dagozkion kate kopurua lautik seira igota.
Ana Ollo Foru Gobernuaren bozeramaileak prentsaurreko batean azaldu duenez,"Nafarroako lurraldean espektro erradioelektrikoa ez dago beteta".
Gainera, azpimarratu du Nafarroak eta EAEk ETB Foru Erkidegoan jasotzeko hitzarmena sinatu zutela, eta horregatik, ez dagoela legezko galarazpenik.
Horren harira, Ikus-entzunezko Komunikaziorako Lege Orokorra ekarri du gogora, bertan agertzen baita ondoko erkidegoetako zerbitzu publikoen emisioak jasotzeko aukera dagoela hitzarmen bat sinatzen bada. Testuinguru horretan kokatu du Nafarroako Gobernuak maiatzean Jaurlaritzarekin sinatutako protokoloa.
Olloren esanetan, bigarren multiplea "behin betiko irtenbidea" izango litzateke, nahiz eta ez duten finantziazioaz hitz egin eta orain arte Kataluniak bakarrik eduki.
Horregatik, Nafarroak duen kanal kopurua lautik seira igotzea proposatu du, "teknikoki bideragarria" eta "alde guztientzat onuragarria" izango litzatekeelako; izan ere, "ez litzateke egungo operadoreen kalitatea txikituko" eta kostuak murriztuko lirateke, ETBk "bere zatia proportzionalki" ordainduko lukeelako.