Politika -

Presoak

Xabier Arinak uko egin dio Auzitegi Nazionalera joateari

Presoen aldeko brindis bat egiteagatik deklaratzeko deitu zuen epaileak, baina muzin egin dio zitazioari.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Arina Burlatako (Nafarroa) bizilagunak Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zuen gaur, ETAko eta ezker abertzaleko presoen aldeko brindis bat egiteagatik deituta, baina uko egin dio joateari, eta, Madrilera joan beharrean, agerraldia egin du bere herrian, eta presoen aldeko adierazpenak egin ditu.

"Presoek etxean egon behar dutela eta horien eta horien senideen eskubideak bermatu behar direla defendatzen dugu", esan du Arinak, eta astero errepidean "kilometro amaiezinak" egiten dituzten senideak gogora ekarri ditu.

Arinaren esanetan, "kondena hori gutxi ez, eta, gainera, elkartasun eta babes ordainezina kriminalizatu egin nahi dute". Horregatik, muzin egin dio Auzitegi Nazionalaren zitazioari, abenduan ere egin bezala.

Burlatako bizilagunak "salbuespen" epaitegia izatea egotzi dio Auzitegi Nazionalari, eta "desobedientzia" aldarrikatu du, "lege bidegabeen aurka borroka egiteko modu gisa".

"Argi utzi nahi dugu egunero presoekin elkartasuna izango dugula", esan du, eta Fleuryko espetxean "euren eskubideen aldeko borroka abiatu duten preso politikoak" ekarri ditu gogora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Presoak argazkiak ETA Albisteak