Politika -
Operazioa
Pertsona bat atxilotu dute Nafarroan kale-indarkeria egotzita
Hain zuzen ere, Ituren herrian atzeman dute. 2008ko irailean Donostian autobus bat erre izana egotzi diote.
Erredakzioa
Ertzaintzak, Guardia Zibileko agenteak lagunduta, gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Ituren herrian (Nafarroa), kale-erasoak egiten zituen talde bateko kide izatea egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, atzemandakoa aurrekariak dituen 27 urteko donostiar bat da.
Hain zuzen ere, 2008ko irailaren 29an Donostiako Altza auzoan izandako eraso batean parte hartu izana egotzi diote.
Egun horretan, hainbat pertsonak autobus bat geldiarazi, gidaria eta bidaiariak jaitsiarazi eta erre egin zuten.
Udalaren iturriek zehaztu zutenez, kalte materialak 250.000 euro ingurukoak izan ziren.
Operazioa gaur goizaldean egin dute, Auzitegi Nazionalaren Instrukzio 3. Epaitegi Zentralak koordinatuta.
Agenteek atxiloketa egin duten etxebizitza miatu dute, eta orain beste batean daude, Donostian.
Operazioa zabalik dago oraindik, eta beraz, ez dute baztertzen atxiloketa gehiago egitea.