Politika -
Eskola Kontseilua
Mendia: "Lan profesionala eta independentea egingo du Garciak"
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Eskola Kontseiluko presidente berriak lan profesionala eta independentea egingo du, Conrado Mugertzak egin zuen bezala.
Erredakzioa
Maria Luisa Garcia Eskola Kontseiluko presidente berriak "lan profesionala eta independentea" jorratuko duela esan du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Ildo horretan, Conrado Mugertzak (aurreko presidentea) lan bikaina egin zuela gogoratu du.
Maria Luisa Garcia Hezkuntza Saileko Hezkuntza-Berrikuntzarako presidenteak kargua utzi du Eskola Kontseiluko presidente izendatua izateko. Bere ordezkoa Hezkuntza-Berrikuntzan Candido Hernandez izango da.
Hezkuntza Sailak adierazi zuen Konrado Mugertza Eskola Kontseiluko presidentearen ordezkapena agintaldia amaitu zaiolako izango dela, ez Bizikidetza Planaren inguruan sortu diren desadostasunengatik.
Hezkuntza Sailetik azaldu zutenez, Mugertza 2006ko apirilaren 6an izendatu zuten Eskola Kontseiluko presidente, Tontxu Camposek Hezkuntza sailburu kargua hartu eta berehala.
Kargu hori kentzea edo izendatzea Hezkuntza sailburuari dagokiola azpimarratu dute, eta Isabel Celaak Mugertza hor mantentzea erabaki zuela, lau urteko agintaldien "tradizioarekin" jarraitzea argudiatuta.
Konfiantzazko kargu bat izan arren, sailburuak nahiago izan zuen lau urteko agintaldia amaitzen utzi erakundeari "normaltasuna" emate aldera. Gainera, Mugertzak berak eskatu omen zuen agintaldia luzatzea lan batzuk amaitzeko eta Toledoko Kongresura joateko.
Datorren maiatzaren 14an izango da ordezkapen ofiziala, EHAAn argitaratzen denean, hain zuzen.