Politika -

grabazioen eskandalua

Diazek eta De Alfonsok egunkari eskuindarrak erabiltzea aztertu zuten

"Etsai" politikoen aurkako informazioa euren sokakoak diren hedabideei filtratzea aztertu zuten.

F. Diaz eta De Alfonsoren arteko grabazio berriak argitaratu dituzte

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak eta Daniel de Alfonso Iruzurraren aurkako Bulego Kataluniarraren zuzendariak duela bi urte, Kataluniako kontsultaren bezperetan, izan zuten solasaldiaren beste grabazio bat publikatu du gaur Publico egunkariak.

Hedabide horrek azken egunetan argitaratutako beste audio batzuetan entzun daitekeenez, Fernandez Diazek eta De Alfonsok konspiratu egin zuten ERCko eta CDCko hainbat politikariren aurka eskandaluak eraikitzeko, eta Estatuko erakundeak (Fiskaltza, adibidez) helburu horietarako erabiltzeko.

Gaur publikatutako audioetan, Xavier Trias Bartzelonako alkate ohia izan zuten hizpide, eta haren ospea nola suntsitu aztertu zuten. Hain zuzen ere, Andorran ustez kontu korronte bat duela filtratu nahi zuten, frogarik ez zutela aitortu bazuten ere (informazio hori faltsua zela jakin zen gerora). Era berean, konspirazio horretan euren sokakoak diren egunkariak erabiltzea ere eztabaidatu zuten.

Horren ildotik, audioan entzun daitekeenez, ministroak Trias auziarekin zer egin zezaketen galdetu zuen, eta De Alfonsok zera erantzun zion: "Ministro, kolpea animalia hiltzeko ematearen aldekoa naiz. Burtziak eta ezten-hagak sartuz ez duzu hiltzen, baina tankera honetako kolpe bat hilgarria da. Kolpea ondo eman behar dugu, hilgarria izan dadin".

Triasen aurkako ikerketa atzerrian sustatu behar ote duten ere galdetu zion ministroak: "Estatuaren ikuspegia kontuan hartuta, komenigarria da?". De Alfonsoren erantzuna: "Ustez dut ezetz, ez une honetan. Munizio nahikoa dugu, tantaka eman ahal izateko. Eta etorkizuna kolokan daukagunez oraindik, hau da, azoaren 9a [kontsultaren eguna] daukagunez oraindik, pentsatu egin behar dugu, ministro, ordurako? Dena bat-batean eman, ez. Ez dakigu zein izango den etsaiaren erantzuna. Berrio diot, munizio asko dugu, eta partida nola jokatu diseinatu behar dugu".

Solasaldiaren beste une batean, konspirazioan egunkari eskuindarrak nola erabili ere aztertu zuten. De Alfonsok ABC erabiltzea eta El Mundo baztertzea proposatu zuen: "Uste dut ABC leiala izango dela zurekin. Esan behar zaie esklusiba izango dutela, baina une egokia heltzen denean. Baina El Mundo, ez. El Mundo, ez; ezagutzen ditut Inda eta bestea, eta zoratuta daude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua bideoak Espainia Albisteak