Politika -
Krisi ekonomikoaren aurrean
EAJk "lema hartu eta Euskadi gidatu" behar duela esan du Urkulluk
Bere hitzetan, sozialistek "porrot egin" dute, Espainian zein EAEn ere; hori dela eta, politika ekonomikoetan "buruzagitza eta erabakitzeko kemena" behar dela uste du.
Erredakzioa
EAJk erakutsitako erantzukizuna eta gaitasuna azpimarratu eta sozilisten eredu ekonomikoa gaitzetsi du Iñigo Urkullu presidente jeltzaleak; izan ere, sozialistek "porrot egin" dute politika ekonomikoetan, Espainian zein EAEn ere; hori dela eta, EAJk "lema hartu eta Euskadi gidatu" behar duela uste du Urkulluk.
Bizkaiko EAJko ordezkariekin, datozen udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko direnekin, bildu da Urkullu Bilbon, lurraldeko egoera ekonomikoa eta kulturala aztertzeko.
Zapateroren Gobernuak krisiari aurre egiteko iragarritako neurriak gaitzetsi ditu Urkulluk, Zapateroren "desgobernua eta aurretik ez pentsatu izana" ahulengan (pentsiodunengan) eragina izango duelako.
Gainera, "justuak bekatariengatik ordainduko" dutela salatu du; izan ere, erkidegoei eskatu diete gastua eusteko eta "doitze lana aurretik egin dugunoi, ezer egin gabe egon direnei eskatzen zaien murrizketa berdina eskatu zaigu".
Ildo horretan, garai ekonomiko "gogorretan buruzagitza eta erabakitzeko kemena" beharrezkoa dela gogoratu du.