Politika -

Krisiaren aurkako neurriak

Zapateroren neurriak "ulertzen eta babesten" ditu lehendakariak

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek sektore publikoan deitutako greba errespetatzen duela esan du Patxi Lopezek. PPk lehendakaria babesten jarraituko du "euskal ekonomiak aurrera egin dezan".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak neurri zorrotzak hartu behar direla uste du eta beharrezkoak direla gaineratu du, eta ildo horretan, Jaurlaritzaren asmoa gastuen murrizketarekin jarraitzea dela adierazi du; ondorioz, krisiari aurre egiteko, "Administrazioan arrazionalizazio neurriak" proposatuko dituela aurreratu du, "gehien dutenei eragiteko helburuarekin".

Zapateroren Gobernuak aurkeztutako neurriei dagokienez, lehendakariak uste du murrizketa egiteko beste bide batzuk badaudela, baina Espainiako Gobernuak hartutako neurriak "hartu behar zirela" ulertzen duela esan du, eta berak ere, krisiari aurre egiteko neurriak aurkeztuko dituela iragarri du.

Espainiako Gobernuaren murrizketa planak EAEn izango duen eraginari buruz, Lopezen hitzetan, neurri hauek zehaztu gabe daude oraindik, eta beraz, "ez dago argi zein puntura arte eragingo duten neurriok Euskadin".

"Nire asmoa beharrezkoak ez diren gastuak murriztea eta herstura planarekin jarraitzea da". Gehienaz ere, Legebiltzarrean Administrazioaren arrazionalizazioa proposatuko duela aurreratu du Patxi Lopezek. "Gobernu Zentralak ezarritako neurrien eragina jasango dutenez gain, krisialditik irteteko hoberen daudenei eta gehien dutenei ere eragiten dien arrazionalizazioaren" alde agertu da lehendakaria .

Mobilizazioak

Espainiako Gobernuak funtzionarientzat iragarri dituen soldata murrizketak direla eta, ELAk eta LABek maiatzaren 25erako eta UGTk ekainaren 2rako EAEko eta Nafarroako sektore publikoan deitutako manifestazioaren harira, mobilizazioak errespetatzen dituela jakinarazi du lehendakariak, baina krisialditik irteteko guztien "erantzukizuna" azpimarratu du.

Aldundien eta Eudelen arteko bilera

Murrizketa planaren inguruan mintzatzeko diputatu orokorren eta Eudelen artean egingo den bileraren harira, foru-erankundeak ere "zer esan daukatela" esan du lehendakariak. Horretaz gain, "sistema mantentzeko, funtzionarioez eta pentsiodunez gain, beste batzuk ere" parte hartzeko neurriak adostu nahiko lukeela adierazi du Patxi Lopezek.

PPk lehendakariari babesa ematen jarraituko du

Antonio Basagoiti EAEko PPko lehendakariak adierazi duenez, bere alderdiak Patxi Lopez lehendakariari babesa ematen jarraituko du, "gerrikoa estutu dezaten, gastuak murrizteko eta EAEko ekonomiak aurrera egin dezan".

Lopez lehendakariak "zerbait egin behar du" Zapaterori gertatu zitzaion gauza bera gertatu ez dadin, adierazi du Basagoitik, presidenteak "ez baitzuen ezer egin, ondoren pentsiodunek larrutik ordaindu dezaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea