Politika -
PPren abisua
Gobernua-ETA negoziazioa badago, PSE-PP akordioa kolokan egongo da
De Cospedal: "ETArekin negoziatzen ari direla gezurtatu behar du Gobernuak, bestela horretan ari direla pentsatuko dugu". ETAk PPrekin negoziatzea nahiago duela erantzun dio Rubalcabak De Cospedali.
Erredakzioa
Alderdi Sozialista ETArekin elkarrizketetan ari dela dioten informazioak argi eta garbi gezurtatzeko eskatu dio Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularraren idazkari nagusiak Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuari. Horrela ez bada, PSE-PP hitzarmena "heriotza arriskuan egongo da", ohartarazi du.
Adierazpen hauek El Mundo egunkariak gaur argitaratutako albiste baten harira egin ditu. Berri horretan PSE eta ETAren arteko balizko elkarrizketa batzuen inguruan hitz egiten du.
De Cospedalek nabarmendu duenez, "Gobernuak ETArekin negoziazio bat dagoela gezurtatzeari uko egiten badio, negoziazio hori ematen ari dela ulertu beharko dugu eta horrek esan nahiko du PSEk heriotza arriskuan jarriko duela Euskadin gobernatzeko PPrekin lortu zuen akordioa".
Rubalcaba
ETAri atzemandako dokumentu baten arabera, PPrekin "negoziatzeko aukera eta berme" handiago dutela uste du ETAk, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Maria Dolores de Cospedali erantzun dionez.
Rubalcabaren hitzetan, ez dago ETArekin negoziatzeko inolako aukerarik, eta, ETAk berak ere, sozialistekin ez du negoziatu nahi.
Rubalcabaren esanetan, "PSOEk, eta hortaz PSEk ere, ez du ETA begi-bistan ikusi nahi", eta "jateko gauzekin ez jolasteko" eskatu dio De Cospedali.
Basagoitiren ohartarazpena lehendakariari
Bestalde, Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidentea Patxi Lopez lehendakariari zuzendu zaio eta PSEk ETArekin hitz egiten badu, Alderdi Popularraren babesa galduko duela ohartarazi dio.
Punto Radion egindako elkarrizketa batean, Basagoitik azpimarratu du sozialistak "kontziente" izan behar direla ETArekin negoziatzeak "PSE-PP hitzarmena urratzen duela eta, ondorioz, gutxiengoan geratuko lirateke eta Patxi Lopezek ezingo luke lehendakari bezala jarraitu". "Espero dut Eusko Jaurlaritzak azalpen bat emango digula, eta bestela, informazio horiei sinesgarritasuna emango diegu", erantsi du.
"Ergel batek soilik sinets dezake, laugarren aldiz, ETAn eta ezker abertzalean terrorismoarekin amaitu nahi dute sektore posibilistak existitzen direla", nabarmendu du.