Politika -
2017tik aurrera
Donostiako Bakearen Etxea baliabide pedagogikoen zentroa izango da
Giza eskubideen inguruan heziketa tresnak “biltzeaz, sortzeaz eta zabaltzeaz” arduratuko da, eta azoka eta seminario bana antolatuko ditu.
agentziak | erredakzioa
Donostiako Aiete Jauregiko Bakearen Etxea Giza Eskubideen baliabide pedagogikoen zentro izango da 2017tik aurrera.
Giza eskubideen inguruan heziketa tresnak "biltzeaz, sortzeaz eta zabaltzeaz" arduratuko da: pelikulak, testuak, literatur lanak… Horrez gain, urtero azoka bat antolatuko du Euskal Herrian sortzen diren edukiekin, eta urtean behin nazioarteko seminarioa ere egingo du, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkariak azaldu duenez.
Fernandezek Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera Bakearen Etxean eman duen prentsaurreko batean aurkeztu du proiektua. Dena dela, irailean parte-hartze saioa egingo omen dute ekarpenak jasotzeko, eta lan-hitzarmen bat osatuko dute Aldundiak, Jaurlaritzak eta Udalak nola finantzatuko duten zehazteko.
Donostiako alkateak esan du zentroa "erreferente" izatea nahi duela Giza Eskubideen heziketa alorrean, eta baliabide "irekia eta parte-hartzailea" izango dela azpimarratu du. Zentroaren jardueren artean, gainera, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko pelikulak hartuko ditu zentroak.
Donostia 2016 proiektuak utzitako ondarearen baitan kokatu dute zentroa, Gogora Institutuak osatu duen sarearen barruan.
Olanok, bere aldetik, esan du "bi motore" izango dituela zentroak; alde batetik, "Euskal Herrian Giza Eskubideen alorrean sortzen diren edukiak biltzeko eta zabaltzeko azoka"; eta, bestetik, "Euskal Herritik kanpo sortzen diren edukiak biltzeko eta zabaltzeko seminarioa urtean behin".