Politika -
Hauteskundeak
EH Bilduk 'hausnarketa sakona' egingo du, E26ko emaitzen harira
Koalizio soberanistak "jendeari iraunkorki entzutearen" alde egin du eta Elkarrekin Ahal Duguri eskua luzatu dio "Estatuan posible ez den aldaketa Euskal Herrian gauzatzeko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauteskundeetako emaitza txarren ondotik, EH Bilduk iragarri du “hausnarketa sakona” egingo duela eta eskua luzatu die “Euskal Herrian aldaketaren alde bozkatu zutenei”, herritarren eskubide sozialak bermatzeko eta erabakitzeko eskubidea aitortzeko.
Horretarako, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du “bide eta eskaintza politikoa berritzea”, hauteskunde autonomikoetan “onena” emateko.
Agiri baten bidez, koalizio soberanistak berretsi egin du Estatuan ez dagoela aldaketarako aukerarik eta alderdi espainiar nagusiak bere onurarako ari direla lanean, “PPri aurre egingo liokeen gobernu alternatibo bat eraiki beharrean”.
Ekainaren 26ko hauteskundeen ostean, Alderdi Popularra “oso indartuta” atera dela eta, beraz, Espainiako Gobernua berriro zuzenduko duela uste du EH Bilduk. PSOEri dagokionez, botoak galdu baditu ere, inkestek iragarritako ‘sropasso’a eman ez dela eta bigarren postuari eutsi diola gogoratu du. Eta Elkarrekin Ahal Duguren kasuan, Estatuan “ahulezia” erakutsi duela, baina Katalunian eta Euskal Herrian indartsu dagoela azpimarratu du.
Testuinguru horretan, EH Bilduk esan du Elkarrekin Ahal Duguren estrategiak indarra galdu duela Estatuan, “ez dagoelako indar nahikoarik aldaketa gauzatzeko”.
Alabaina, “Euskal Herrian aldaketaren alde bozkatu da eta aldaketa hori gauzatzeko aukera dago, euskal gizartean eskubide sozialak helburutzat eta erabakitzeko eskubidea oinarritzat izango duen prozesu eraikitzaile bat abian jarrita”.
Horrenbestez, “eskua luzatzen diegu hauteskundeetan aldaketaren alde bozkatu zuten herritar guztiei gure herria aldaketara eramango duen ibilbideari ekiteko”, erantsi dute.
Bestalde, EH Bilduk esan du jendeari entzutea “eguneroko lan-tresna” bilakatuko dutela, baina entzuteaz gain, gauzak “esateko eta egiteko” unea dela nabarmendu du.