Politika -

Memoria historikoa

1936 eta 78 artean izandako giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte

Eusko Jaurlaritzak EHUrekin eta Aranzadirekin hitzarmen bat onartu du txostena egin dezaten.

Aranzadik gidatutako indusketa bat. Artxiboko irudia: EiTB
Aranzadik gidatutako indusketa bat. Artxiboko irudia: EiTB
Lehen Jaurlaritza aztertzen ari dira Donostiako udako ikastaroetan

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur iragarri duenez, Gobernu Bilerak hitzarmena onartu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) eta Aranzadi elkartearekin 1936. eta 1978. urteen artean egin ziren giza eskubideen urraketei buruzko txostena egin dezaten.

Urkulluren esanetan, iragana argitzea beharrezko baldintza da elkarbizitza bateratua eraikitzeko, bai orain bai etorkizunean, eta iraganean askatasunaren eta demokraziaren alde borroka egin zutenen lana aitortzeko modu bat ere badela gaineratu du.

"De la guerra a la globalización. En el 80 aniversario del primer Gobierno Vasco" izenburuarekin Donostiako Miramar jauregian gaur egiten ari diren udako ikastaroaren aurkezpenean parte hartu du Urkulluk.

Gaur egungo Euskadiren instituzionalizazioa abian jarri zuen lehen Eusko Jaurlaritzak ezarritako "mugarria" azpimarratu du Urkulluk, eta gogorarazi du Agirre buru zuen lehen gobernu hori sei alderdiren koalizio moduan osatu zela, "lanerako eta koaliziorako giroa" sorrarazi zuela eta "diferentzien gainetik akordioaren eta integrazioaren" eredu izan zela.

Horrez gain, premia handiena zuten gizartearen beharrei erantzuteko asmoz gobernu hura osatu zuten kideen arteko elkarlana azpimarratu du, "gizarte eraikuntza eta Euskadiren eraikuntza nazionala" uztartzea lortu zuen programa unitate baten alde lan eginez.

Estatu espainiarrarekin adostutako "estatus politiko berria" defendatu du Urkulluk

Euskal autogobernuari "benetako berrikuntza eta indarra" emango dion estatus politiko berri baten aldeko apustua egin du berriro Urkulluk. Estatu espainiarrarekin adostutakoa izateaz gain, foru tradizioa eta egungo marko legala errespetatuko dituena, Euskadiri eskumen gehiago emango dizkiona eta Euskadiri erabakitzeko eskubidea aitortuko dion estatus politikoa defendatu du.

Urkulluk esan duenez, hitzarmenaren kulturak foru tradizioarekin bat egiten du eta horren gainean eraiki ei ziren 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua eta Gernikako Estatutua.

Gainera, Estatutuaren xedapen gehigarrian berau etorkizunean berritzeko aukera jasotzen dela eta Euskadiren eskubide historikoak aitortzen direla nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak EHU berriak Gaurko azken orduko albistea Frankismoari buruzko albisteak