Politika -

POLIZIA OPERAZIOA

Ustelkeriaren kontrako operazioa, Lloret de Marreko Udalean

Guardia Zibilak udaletxeko bulegoak miatu ditu eta bi lagun atxilotu ditu, legez kanpoko esleipenekin lotuta: Udaleko idazkari eta kontu-hartzaile ohiak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Lloret de Mar herriko (Girona) udaletxea miatu du goizean goizetik, ustelkeriaren kontrako operazio batean. Udalak egindako hainbat kontrataziotan irregulartasunak atzeman dituztelako abiatu dute operazioa, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Oraingoz, bi pertsona atxilotu dituzte: Udaleko idazkari eta kontu-hartzaile ohiak.

Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, hondakinak biltzeko kontratuen esleipenarekin zerikusia du operazioak. Iturri horien arabera, zabor-bilketarako kontratatutako enpresaren jabea Jordi Pujol Ferrusolaren gertukoa da eta haren izena CiUren fundazio bati ustez donazioak egin zizkion enpresaburuen artean dago.

GBI enpresa taldea dago 'Trumoi' operazioaren jomugan, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak agiri baten bidez jakitera eman duenez. Blanesko Instrukzio Epaitegia ari da operazioa zuzentzen; miaketez gain, Gustavo Buesa Ibañez GBIko zuzendariaren hainbat ondasun enbargatzeko agindua ere eman du epaitegi horrek.

Lloret de Marreko Udalak eta GBIk izenpetutako kontratuetan prebarikazio, eroskeria, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta influentzia-trafikoa delituak egon zirela uste dute ikertzaileek.

Jaume Dulsat (CDC) Lloret de Marreko alkatea "lasai" agertu da, ikertzen ari diren kontratuak sinatu zirenean bera ez zegoelako agintean eta horiekin "zerikusirik ez" duelako. Dena dela, operazioaren atzean "itxurakeria" asko dagoela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak