Politika -

Elkarrizketa ETBn

Basagoiti: "ETA UVIko makinatik deskonektatu behar da"

Euskadiko PPren buruzagiak esan du ETArekin ez dela inondik inora ere hitz egin behar, orain arte bezala jarraitzeko deia egin du eta ezker abertzalea hauteskundeetan ez egotea exijitu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkenaldian, ETA eta Gobernuaren arteko balizko elkarrizketen inguruan zabaldu diren zurrumurruen harira, Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidenteak berriro ere argi hitz egin du: "ETAk izan behar duen kanal bakarra, isurbiderako kanala da, ez besterik".

Ildo horretan, berretsi egin du PSEk PPren babes "leiala eta arduratsua" izango duela indarkeriarekin behin betiko amaitzeko.

ETBn egindako elkarrizketa batean, Basagoitik esan du ez dituela gustuko ETAri buruz azken boladan egiten diren adierazpenak.

Era berean, adierazi du ez duela "frogarik" behar negoziaziorik ez dagoela sinesteko. "Hitzak barik, ekintzak nahiago ditut, hau da, erakundeek eta alderdi politiko guztiek aurten egin dugun ibilbidean jarraitzen dutela ikusi behar dut", erantsi du.

Basagoitiren iritzian, "ezinbestekoa da hankarik ez sartzea, orain ezin dugu kaka egin, ETAk zailtasunak ditu eta funtzionatzen duena aplikatzen jarraitu behar dugu; ETA UVIko makinatik deskonektatu behar da, hil dadin, eta horretarako itxaropenik ez ematea da onena".

Basagoitiren arabera, edozein motatako elkarrizketa abian jarrita "arrazoia" ematen zaie.

"Jendea ez da ohartzen 2010 urtean gaudela, eta jada ez dituztela balio 80ko eta 90eko hamarkadetako formulak", nabarmendu du.

Euskadiko PPko buruaren ustez, ETAri "oxigenoa" ematen ez bazaio, "[agintariek] egiten ari diren guztia egiten jarraitzen badute" eta Gobernuak "hauteskundeetan egotea" galarazten badio, "terrorismoaren amaiera ikusi ahal izango dugu".

"Une erabakigarrian gaude. ETA ahul dago eta azkena eman behar zaio", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea