Politika -

2011ko hauteskundeak

LAB: "Ezker abertzaleak egin ahalak egingo ditu hauteskundeetarako"

Ainhoa Etxaide sindikatu abertzalearen idazkari nagusiak esan du ezker abertzaleak "apustu ausarta" egingo duela parte hartzeko, legez kanpo utzi zutenetik egin duen moduan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak adierazi du ezker abertzaleak "berriro ere, bere esku dagoen guztia" egingo duela 2011ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko.

Efe agentziari eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, ezker abertzaleak "apustu ausarta" egingo du hauteskundeetan parte hartzeko, legez kanpo utzi zutenetik egin duen moduan, baina ez du argitu zein izango den "formula".

EArekin aurkezteko aukeraz galdetuta, Ainhoa Etxaidek dio % 50ean ikusten duela aukera hori, baina berretsi du "indarren batura" beharrezkoa dela "pauso berriak" emateko eta "hauteskundeetarako aliantzak" posible direla uste du.

"Agertoki bat irekitzen ari gara eta apustu berriak egiteko aukera irekitzen du horrek", Etxaideren esanetan. Gainera, LABen buruzagiak eskaria egin die "ezker abertzaleak emandako pausoak" txalotu dituzten "guztiei", "haien ardura har" dezaten.

"Ezker abertzaleak gatazka politikoa prozesu demokratiko baten bitartez bideratzeko apustuak atzera bueltarik ez" duela gaineratu du.

ETA

ETAk su-eten bat iragartzeko aukeraz galdetu diotenean, Ainhoa Etxaidek ez du ETAk "egin behar duenari buruz" espekulatu nahi izan, baina "prozesu demokratikoaren bidea elkarrizketa eta negoziazioa" direla gogorarazi du.

"Euskal Herriko agente guztiok bide hori egitera gaude behartuta eta uste dut ETA ere agente bat dela eta bide horretan hartu behar dituela erabakiak", gaineratu du.

Era berean, Estatuak ere "euskal gizarteari etorkizuna erabakitzeko gaitasuna eman beharko liokeela" iritzi dio.

Rafa Diez

Rafa Diez Etxaideren aurreko LABen burua bermepean aske utzi zutela eta, honakoa adierazi du: "Rafa ongi dago. Normaltasuna berreskuratu nahian, baina zaila izaten ari da, zeren kalean badago ere ez du askatasuna eskuratu, eskubide zibil eta politiko asko urratu dizkiotelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea