Politika -

SOZIOMETROA

Independentziazaleek gora egin dute EAEn, % 23raino

Azken Soziometroarekin alderatuta, lau puntu egin du gora independentziaren aldeko jarrerak, 2014tik zegoen beheranzko joera apurtuz. Espainiako politikaz, oro har, oso iritzi txarra dute herritarrek.

Azpeitiko herritarrak, independentziaren alde galdeketan parte hartzen, joan den ekainean.
Azpeitiko herritarrak, independentziaren alde galdeketan parte hartzen, joan den ekainean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independentzia zaletasunak gora egin du azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzak urte hasieran kaleratutako Soziometroaren datuekin alderatuta. Lau puntu egin du gora independentziaren aldekoen kopuruak, % 23raino. Hala, 2014tik independentziazaletasunak zuen beheranzko joera apurtu egin da. Herritarren % 36k ez dute independentziarik nahi.

'Eusko Soziometroa 61' galdeketaren emaitzak eman ditu jakitera, gaur, Gasteizko Gobernuak, eta, besteak beste, EAEko herritarrek egoera politikoaz, etorkizunaz eta ekonomiaz duten iritzia jaso dute bertan. Maiatzaren 23a eta ekainaren 2a bitartean 2.310 herritarri egindako inkestak utzitako ondorioak dira.

Galdetutakoen % 26 "euskal herritar bakarrik" sentitzen dira; % 18, "euskal herritarra, espainiarra baino gehiago", eta % 33, "euskal herritarra bezain espainiarra". % 4, berriz, "espainiarra bakarrik" sentitzen dira. Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa "ona" dela uste dute herritarrek: 5,5 puntu eman dizkiote, 0tik 10erako eskalan. 2014tik, beraz, puntu bat egin du gora gizarteak Gasteizko Gobernuaz duen iritziak. Jardunean dagoen Espainiako Gobernuak, berriz, ez du azterketa gainditu: 2,4ko nota jarri diote herritarrek.

Alderdi politikoen eta buruzagi politikoen balorazioa "egonkor" mantendu da azken legealdian. "Alderdi politikoekiko sinpatia eta buruzagi politikoen balorazioek hamarren bakar batzuetako gorabeherak izan dituzte", Soziometroaren arabera.

Politika aldatu beharra

Espainiako politikaz, oro har, oso iritzi txarra du euskal gizarteak, 2003tik duen txarrena. 10etik 7k beharrezko ikusten dute erabateko aldaketa, eta 10etik 4k goitik behera aldatuko lukete euskal politika ere.

Herritarrek egoera ekonomikoaz duten iritziak ere hobera egin du, baina oraindik krisi aurreko urteetako mailara ez da iritsi. 2013an, herritarren % 20k uste zuten egoera ekonomikoak hobera egingo zuela, eta, orain, % 42k dute pertzepzio positibo hori.

Langabezia da herritarren kezka nagusia. Galdetutakoen % 80k lanarekin lotutako arazoak aipatu dituzte kezka nagusien artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa