Politika -
ETAk hil zuen
Ekitaldi ofiziala egingo dute ekainean Eduardo Puellesen omenez
Ekainean urte bat beteko da ETAk Bilbon hil zuenetik. Ekitaldian Patxi Lopez lehendakariak parte hartuko du, gaur familiak iragarri duenez.
Erredakzioa
Eduardo Puelles polizia inspektorea gogoratzeko ekitaldi ofiziala egingo dute datorren ekainean, ETAk Bilbon hil zuenetik urtebete igaro denean.
Bilbon elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Josu Puelles biktimaren anaiak azaldu duenez, ekainean egingo dutena ez da "elkarretaratze sinple bat izango". Patxi Lopez lehendakariak ere parte hartuko duela iragarri du.
Gaurkoan, Puellesen senitartekoez gain, hainbat hiritar joan dira Arrigorriagara, elkarretaratzean parte hartzera. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Maixabel Lasa Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria, Jose Antonio Pastor PSEko idazkari orokorra eta PSE eta PPko hainbat zinegotzi izan dira. "Duintasunez itxi nahi dugu Edu eta terrorismoaren gainontzeko biktima guztiak gogoratzeko ziklo hau", esan du poliziaren anaiak.
Horrez gain, ekitaldia egiteko "oztopo politikorik edota arazorik" ez egoteko espero du Josu Puellesek, "eta baliteke gertatzea". "Hasieran, Eduren izena eraman behar duen Arrigorriagako plaza baten inaugurazioa egin behar genuela esan ziguten".
"Antza, arazo ekonomikoak direla medio, ezin izango dute egun horretarako bukatuta izan", esan du Josu Puellesek. "Egun horretan plaza inauguratu nahi genuen, baina oraindik ez dakigu ahal izango dugun. Ikusiko dugun aurreikusita geneukana aldatu behar dugu", gaineratu du.