Politika -
Herritarren informazioa
ETAri aurre egiteko webguneak 88 ekarpen jaso ditu lehen astean
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren ahotan, 21 ekarpen ETAren kontrako borrokarako "interesgarriak" dira eta Ertzaintzak kontuan hartu ditu.
Erredakzioa
Herritarrek ETAri buruz informazioa eman dezaten Herrizaingo Sailak martxan jarritako Ertzaintzaren webguneak eta telefonoak 88 ekarpen jaso dituzte lehen astean, horietatik 21 terrorismoaren kontrako borrokarako "interesgarriak" dira.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko batzordean, maiatzaren 12an sortutako zerbitzuaren helburuak azaltzeko. Herritarrek ekintza terroristei edo kale-indarkeriari buruz informazio "anonimoa eta konfidentziala" ematea ahalbidetzen du atariak, Aresen hitzetan.
Aste bakarrean 12.000 bisita jaso ditu atariak eta herritarrek "88 ekarpen" egin dituzte posta elektronikoz eta 900 840 843 telefonoa erabiliz, horietatik 21 ETAren kontrako borrokarako "interesgarriak" dira eta Ertzaintzak kontuan hartu ditu.
Hitza hartu duenean, zerbitzuaren helburu nagusia "amesgaizto" terroristaren kontrako borrokan gizartearen "lankidetza" bilatzea dela azaldu du sailburuak, eta webgunearen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatu ditu.
Kritikak eta erantzunak
Legebiltzarkide kritikoena Jesus Mari Larrazabal (EA) izan da. Ataria salaketarako lekua bihur daitekeela ohartarazi du Larrazabalek, eta jasotzen diren salaketek kasu askotan sinesgarritasunik izatea zalantzan jarri du.
Ertzaintzarekin kolaboratzea, herritar bati "akusatzea ez" dela errepikatu du Aresek. Era berean, edozein informaziok bizitzak salba eta atentatuak saihes ditzakeela gogorarazi du sailburuak.