Politika -
Dokumentazioa
Seigarren aldia azken bi urteotan ETA burugabetu dutela
Poliziaren ustez, Mikel Carrera Sarobe ETAren buru militarra izan da otsailetik, hau da, Ibon Gogeaskoetxea atzeman zutenetik.
Erredakzioa
Mikel Carrera Sarobe ETAko arlo militarraren ustezko burua atxilotuz, Poliziak seigarren aldiz burugabetu du erakundea azken bi urteotan.
Agintariek uste dute Karrera Sarobe otsailetik izan dela buru militarra. Izan ere, hilabete horretako 28an Ibon Gogeaskoetxea ETAko ustezko buruzagia atzeman zuten, beste hiru pertsonarekin batera.
Aldez aurretik, Francisco Javier Lopez Peña, Thierry, atxilotu zuten 2008ko maiatzean; Garikoitz Aspiazu Rubina, Txeroki, 2008ko azaroan; Aitzol Iriondo handik eta aste batzuetara; eta Jurdan Martitegi 2009ko apirilean.
Hain zuzen ere, 2008ko maiatzaren 21ean atxilotu zuten Thierry, Bordelen, beste hiru ustezko kiderekin batera.
Operazio horrekin, Poliziak desegintzat eman zuen ETAren azken su-etena amaitu zuen zuzendaritza.
Ondoren, urte bereko azaroaren 17an, Txeroki atzeman zuten Cauterets-en, Frantziako hegoaldean. Agintarien ustez, ETAko taldeen arduraduna zen, baina buruzagi nagusi bihurtu zen Thierry atxilotu zutenean.
Abenduaren 8an haren ustezko ondorengoa, Aitzol Iriondo, atzeman zuten. Hiru aste baino ez zen egon karguan.
Handik eta bost hilabetera, 2009ko apirilaren 18an hain justu, Gogeaskoetxearen ustezko aurrekoa, Jurdan Martitegi, atxilotu zuten.
Thierryren atxiloketa ETAren aurkako polizia operazio inportanteena izan da 2004an Mikel Albisu, Mikel Antza, atzeman zutenetik. 80ko hamarkadatik, ETAren kontrako operazio nagusiak Frantzian egin dituzte.