Politika -

Memoria historikoa

Gerra Zibila: lotsaren hasierak 80 urte bete ditu

1936ko uztailaren 18an Espainiako faxismoa Errepublikako Gobernu legitimoaren aurka altxatu zen. Armadako agintariek hilabeteak eman zituzten estatu-kolpea prestatzen.

Gudariak baserri baten kanpoaldean. Argazkia: Haritz Rodríguez (Tokitan. TV)
Gudariak baserri baten kanpoaldean. Argazkia: Haritz Rodríguez (Tokitan. TV)
Espainiako Gerra Zibila eragin zuen altxamenduak 80 urte bete ditu

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Armadaren zati bat, indar politiko batzuen babesarekin, Errepublikako Gobernu legitimoaren aurka altxatu zen 1936ko uztailaren 17an eta 18an. Kolpeak Espainiako zati batean bakarrik izan zuen arrakasta, eta Gerra Zibila hasi zen. Guda 1939ko apirilaren 1ean amaitu zen errepublikanoen porrotarekin.

Altxamendua duela 80 urte hasi zen, 1936ko uztailaren 17an, Melillako garnizioaren ofizialek kolpearen berri eman zutenean.

Armadako goi-agintariek hilabeteak eman zituzten estatu-kolpea prestatzen, besteak beste, Gonzalo Queipo de Llano, Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralek. 1936ko otsailaren 16an Fronte Popularra ezkerreko koalizioak hauteskundeetan garaipena lortu ondoren, kolpea bizkortu zuten eragile faxistek.

Melillako altxamenduarekin, Francisco Franco jeneralak Afrikatik zuzendutako Armadaren zatiak Errepublikako Gobernu demokratikoaren aurka egin zuen uztailaren 17an.

Marokoko iparraldean (Espainiako kolonia zen orduan) eta Kanaria uharteetan kantonatutako tropak penintsulako hegoaldera eramanez, kanpaina hasi zuten indar faxistek. Militarrek gerra-egoera ezarri zuten Espainiako eremu zabaletan eta hainbat herrietan.

Arrakasta partziala

Besteak beste, Galizia, Nafarroa eta Gaztela eta Leon erkidegoetan eta Oviedo, Granada eta Zaragoza hirietan izan zuen arrakasta kolpeak, monarkiko tradizionalisten, Falangearen eta eskuineko sektore zabalen babesa jaso baitzuen bertan.

Matxinada faxistak, aldiz, porrot egin zuen Madrilen, Katalunian, Levanten, Gaztela-Mantxan, Murtzian eta Andaluziako ekialdean. Asturiasen, Kantabrian eta Euskadin ere ez zuen arrakastarik lortu. Euskal abertzaleek Errepublika babestu zuten.

Hiri handietan, Gobernu konstituzionalaren indarrek eta ezkerreko alderdietako eta anarkisten miliziek garaitu egin zituzten frankistak.

Faxisten garaipen partzialak Espainiaren zatiketa bultzatu zuen, eta, ondorioz, Gerra Zibila.

Guda 1939an amaitu zen, frankisten garaipenarekin. Ondoren, Francisco Franco jeneralaren diktadura luzea etorri zen; izan ere, Franco bera hil arte iraun zuen, 1975eko azarora arte, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frankismoari buruzko albisteak Memoria historikoa albisteak