Politika -
ETAren kontrako operazioa
Atxilotuek Baionako polizia-etxean jarraitzen dute
Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak dei bat atzeman zuen, ETAren alor militarreko ustezko burua eta buruordea, atxilotuak, Baionako etxebizitza batean bildu behar zirela entzun zuten.
Erredakzioa
Mikel Carrera Sarobe ETAko talde militarraren ustezko buruzagia atxilotu zuten etxebizitza miatu egin zuen Frantziako Poliziak Baionan (Lapurdi). Miaketak 14 orduko iraupena izan zuen eta 20:20an amaitu zen. Miaketa amaitu ostean hiru atxilotu polizia-etxera eraman zituzten. Atxilotuak bihar, epailearen aurrean, Parisera eramango omen dituzte.
Frantziako Polizia 06:15az geroztik izan zen etxebizitzan, lau atxilotuetako hiru bertan zirela, Mikel Carrera, Arkaitz Agirregabiria eta Maite Aranalde. Behin miaketa amaitu zutenean, hirurak polizia-etxera eraman zituzten bost ibilgailutan.
Gendarmeriak, Guardia Zibilaren laguntzarekin, ETAko lau ustezko kide eta horietako baten bikotekidea atxilotu zituen atzo Baionan eta Urruñan (Lapurdi), Mikel Carrera Sarobe ETAren alor militarreko ustezko burua tarteko, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak baieztatu duenez.
Atxilotutako beste ETAko ustezko kideak honakoak dira: Arkaitz Agirregabiria, "arlo militarreko buruzagiordea"; Maite Aranalde eta Eñaut Aramendi, Rubalcabaren esanetan.
Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak atzemandako Baionako etxebizitzaren giltzen inguruko elkarrizketa batek susmoa piztu zuen.
Aspaldi atzeman zuten elkarrizketa da, baina horrekin, zaintza areagotu ahal izan zuten; izan ere, ETAko kideen bilera bat hartzeko tokia izan litekeela uste zuten.
Frantziako Poliziaren barne eta informazio zuzendaritza nagusiak agindu du operazioa, Guardia Zibilaren eta Espainiako Inteligentzia Zerbitzuaren laguntzarekin. Operazioan dozenaka polizia frantsesek parte hartu dute, eta etxebizitza bat miatu zuten eta euskarri informatikoak eraman zituzten.
Atxiloketetako hiru 06:15 inguruan izan ziren hiri lapurtarreko etxebizitza batean eta miaketak egin zituzten. Karrera Sarobe, Ata, da atxilotuetako bat, aipatu iturrien arabera. Gainera, atxilotu zituztenean armak zeramatzatela ziurtatu zuten ikerketako iturriek.
"Sektore gogorrekoa"
Mikel Carrera Sarobe ETAko "sektore gogorrekoa" dela diote Efe albiste agentziak konstultatutako terrorismoaren kontrako adituek, eta Mikel Garikoitz Aspiazu Txeroki-rekin harreman estua omen zuen 2008ko azaroan atxilotu zuten arte.
Iragan martxoan Ibon Gogeaskoetxea atxilotu zutenetik, terrorismoaren kontrako iturriek Carrera Sarobe jotzen zuten ETAren alor militarraren burutzat; baina beste iturri batzuk lehenagotik kokatzen dute postu horretan, 2009an Jurdan Martitegi atxilotu zutenetik hain zuzen ere.
Carrera Saroberen mugimenduen azken zantzua aurtengo urtarrilean agertu zen, ETAko kideek lehergaia garraiatzeko erabili zuten furgoneta bat alokatzea (dokumentazio faltsuarekin) leporatzen diote.
Baionan atxilo hartu zituzten beste biak MaiteAranalde eta Arkaitz Agirregabiria direla zehaztu dute.
Agirregabiria bilbotarra Derioko (Bizkaia) herriko etxearen kontra etxean egindako lehergailu bat jartzea leporatuta atxilotu zuten 2005eko azaroan.
2008an Auzitegi Nazionalean epaitu behar zutenean, ez zen agertu eta ihes egin zuela uste dute. Fiskaltzak lau urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen kalte terroristak egin nahi izatea egotzita.
Ustez ETAn sartu zen, eta Paris kanpoaldean izan zen jendarmearen hilketan parte hartu zutenetatik identifikatu zuten bakarra bera omen da.
Baionan atxilotu zuten hirugarrena Maite Aranalde da, bermepean aske zegoela Ibarratik (Gipuzkoa) ihes egin zuen.
Frantziako Justiziak egindako akats batek oztopatu zuen Aranalderen atxiloketa, Espainiako segurtasun indarrek atxilotu behar zutenerako alde eginda baitzegoen.
Aramendi jazarri dute
Urruñan (Lapurdi) izan zen laugarren atxiloketa. Eñaut Aramendi zen atxilotua eta ETAri laguntzea leporatzen diote. Bertan ere etxebizitza bat miatu zuten eta Aramendiren bikotekidea ere eraman zuten atxilotuta.
Atxiloketak Aramendiri egin dioten jazarpenari esker izan direla diote VascoPress albiste-agentziak aipatutako terrorismoaren kontrako iturriek. ETAko kide legala (fitxatu gabea) izatea leporatzen diote.
Frantziako inteligentzia zerbitzuek Guardia Zibilarekin eta Espainiako Inteligentzia Zentroaren laguntzarekin zaindu dituzte Aramendiren mugimenduak.
Carreraren atxiloketa, Txerokirena "baino garrantzitsuagoa"
Rubalcabaren esanetan, "ETAren egungo egoera kontuan hartuta", Mikel Carreraren atxiloketa Garikoitz Aspiazu Txeroki-rena "baino garrantzitsuagoa" da.
Halaber, ministroak nabarmendu du abarmendu du Carrera Sarobe 2006an su-etena haustea erabaki zuen zuzendaritzako kide zen eta oraindik aske zegoen bakarra zela.
Seigarren aldiz burugabetu dute ETA
Mikel Carrera Sarobe ETAko arlo militarraren ustezko burua atxilotuz, Poliziak seigarren aldiz burugabetu du erakundea azken bi urteotan.