Politika -
Katalunia
62 artikulugilek Estatutaren aldeko manifestua sinatu dute
Adierazpenean, sinatzaileek ohartarazi dute kataluniarrak "inboluzioaren eta bereizketaren artean" hautatzera behartuko dituela Konstituzionalak.
Erredakzioa
Kataluniako 62 artikulu-idazlek Estatutaren aldeko manifestua sinatu dute, eta testuan, Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren ondorioz kataluniarrak "inboluzioaren eta bereizketaren artean" hautatzera behartuko dituztela ohartarazi dute.
Duela sei hilabete, iazko azaroaren 25ean hain zuzen ere, Kataluniako egunkari gehienek editorial bateratua publikatu zuten, Estatuta babestu eta Konstituzionalaren epaiaren aurrean kezka agertzeko.
Gaurko testua 62 pertsonak sinatu dute, "Espainiar dilema" du izenburu, eta irekita dago oraindik sinadura gehiago jasotzeko. Oraingoz, besteak beste, Ferran Mascarell PSCko kontseilari ohiak, Salvador Giner soziologoak, Joan Francesc Mira idazleak, Joan Subirats eta Ferran Requejo politogoek eta Vicen Villatoro eta Pilar Rahola kazetariek sinatu dute.
"Itunak errespetatu egin behar dira, bereziki herritarren zilegitasun demokratikoa badute. Erakundeak eta alderdi politikoak gaur egungo egoerari irtenbide duina emateko gai ez badira, kataluniarrak inboluzioaren eta bereizketaren artean hautatzera behartuko ditu errealitateak", ohartarazi dute idazkian.
Sinatzaileek gogorarazi dute Konstituzionala "iraungita eta zatituta" dagoela, ez duela zilegitasunik eta nazioartean ospea galdu duela. Hori horrela, Espainia "inboluzio politikoaren eta autonomikoaren atarian" dagoela esan dute.