Politika -

KUTXABANK AUZIA

Herri-akusazioak kartzela eskatu du Kutxabank auziko auzipetuentzat

Hiru urte arteko espetxe-zigorra eskatu du Kutxabank auziko herri-akusazioak Mario Fernandezentzat, Mikel Cabiecesentzat eta Rafael Alkortarentzat.

Mario Fernandez, epailearen aurrean deklaratu zuen egunean. EFE.
Mario Fernandez, epailearen aurrean deklaratu zuen egunean. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabank auziko herri-akusazioak (hainbat sindikatuk eta gizarte taldek osatzen dute) sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe-zigorra eskatuko du Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiarentzat, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoarentzat eta Rafael Alkorta abokatuarentzat. Hirurentzat, gainera, kargu publikorako inhabilitazioa eta isuna eskatu du herri-akusazioak.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak inputatu zituen hirurak, ordainketa irregularrak egitea egotzita. Mario Fernandez Kutxabanken buru zenean Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkariari, Rafael Alkorta abokatuaren bulegoaren bidez, emandako dirua dago auzitan.

Herri-akusazioa osatzen duten kideek gaur hedabideen aurrean esan dutenez, gertakarien kalifikazio-idatzia bidali dute kasuaz arduratzen den auzitegira. Administrazio desleiala, dirua bidegabe bereganatzea eta dokumentuak faltsutzea leporatzen diete hiru auzipetuei.

Jone Goirizelaia herri-akusazioaren abokatuaren hitzetan, "Espainiako Gobernuaren ordezkari izate hutsagatik" kontratu zuen Fernandezek Cabieces, eta urtean 244.000 euroko soldata ordaindu zion.

Bizkaiko Lurralde Fiskaltzak "bi zigor alternatiba" aurkeztu zituen uztailaren hasieran Kutxabank auziko inputatuen aurka: 2 urteko espetxe-zigorra, epaileak ebazten badu bidegabeko administrazioa egin dutela eta merkataritza dokumentuak faltsutu dituztela, edo 3 urtekoa, diruaz bidegabe jabetu direla eta merkataritza dokumentuak faltsutu dituztela ebatziz gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kutxabank berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea