Politika -
Polizia-operazioa
ETAren ustezko buruzagi militarrak epailearen esku utziko dituzte
Gaur amaitu zaie inkomunikazio aldia Mikel Carrerari, Arkaitz Agirregabiriari, Maite Aranalderi eta Eñaut Aramendiri. Lehenik fiskaltzaren eskaria ezagutuko dute.
Erredakzioa
Gaur goizeko seietan amaitu zaie inkomunikazio aldia iragan astean Baionan eta Urruñan ETArekin lotuta atxilotutako lau lagunen eta epailearen esku utziko dituzte gaur bertan, Parisen.
Larunbatean eraman zituzten Frantziako hiriburura eta ordutik bertan daude epailearen aurretik noiz pasako zain.
Hasieran atxilotu zituzten bost lagunetatik bat aske utzi dute azken orduotan. Letizia Chevalier da aske utzi dutena, Urruñan atxilotu eta ETAren laguntzaile jo zutena.
Bien bitartean, Poliziaren egoitzan jarraitzen dute Mikel Carrera ETAren arlo militarreko ustezko buruak, Arkaitz Agirregabiria Barne Ministerioak Carreraren oinordeko jotzen duenak, Maite Aranalde ETAko ustezko kideak eta Eñaut Aramendi erakunde armatuaren ustezko laguntzaileak.
Inkomunikazio aldia amaituta, lehenengo eta behin terrorismoaren kontrako fiskaltzaren aurrera joan beharko dute leporatzen zaizkien delituak jakinarazteko eta gero epaile batek erabakiko du kartzelan sartuko dituzten ala ez.