Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Montillak Konstituzionala berritzeko prozesua abiarazi du

PSOEk, PSCk, ERCk eta ICVk Izendapenen Batzordea biltzea eskatuko dute gaur, Auzitegia berritzeko hautagaien balorazioa egin dezan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Montilla Kataluniako presidenteak Auzitegi Konstituzionala berritzeko prozesua abiaraztea lortu du Senatuan eta PSOEk "ahal duen guztia" egingo duela iragarri du. Horren harira, epaileen izendapenen inguruan erabakia hartu behar duen batzordea biltzeko deia egingo dute.

Leire Pajin PSOEren Antolakuntza idazkariak eta Carmela Silva sozialistek Senatuan duten bozeramaileak ez dute argitu PPk proposatutako hautagaiak (Francisco Jose Hernando eta Enrique Lopez) babestuko ote dituzten, baina iturri batzuek diote PSOEk onartu egingo lituzkeela Konstituzionalaren jarduna normaltze aldera.

Dena dela, prozesua mantsotu egin liteke iaz hauteskundeak egin zituzten eta gobernuak aldatu zituzten erkidegoei (Galizia eta EAE) hautagai berriak aurkezteko eskatzen badiete.

Oraingoz, bi talde parlamentariok (PSOEk eta PSCk, ERCk eta ICVk osatzen duten Entesak) Izendapenen Batzordearen bilera deitzeko eskatuko diote gaur Javier Rojo Senatuaren presidenteari, erkidegoek aurkeztutako 23 hautagaien artean lau hautatzeko.

Montillaren agerraldia

Jose Montilla Kataluniako Generalitataren presidenteak Auzitegi Konstituzionala "berehala" berritzeko eskatu zion atzo Senatuari. 2007ko abendutik agintaldia iraungita duten lau epaileak ordezkatzeko prozesua berriro abiatu dezala exijitu zion Goi Ganberari.

Montillak Erkidego Autonomoen Batzorde Orokorrean adierazi zuenez, Auzitegi Konstituzionalak Estatutari buruz ebazpena emateko helburua zuen baina "porrot" egin du ahalegin horretan. Hori horrela, Auzitegia "labirinto batean galduta" dagoela uste du eta horrek eragina izan lezakeela estatu "osoan".

Kataluniako presidenteak zehaztu zuen ez duela joko-arauak aldatzeko eskatzen, "bete daitezela" baizik eta erkidego autonomo bakoitzak proposatutako hautagaiak kontuan izan ditzatela.

Chavesek PPren esfortzua eskatu du

Manuel Chaves Gobernuko hirugarren presidenteordeak Auzitegi Konstituzionala berritzeko organua berehala bil dadila eskatu zuen eta alderdi guztien esfortzua exijitu, PSOErena eta PPrena bereziki.

Presidenteordeak onartu zuen Konstituzionalak "zilegitasun osoa" duela, baina egungo blokeo egoera "arraroa" dela. Alderdiei soilik "leporatu dakiekegu" egoera hori, izan ere, akordio batera iritsi behar zirela baina ez direla gai izan gaitzetsi du Chavesek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea