Politika -
'Mozal legea'
Ernaiko 34 gaztek planto egin diote 'mozal legea'ri
21.000 euro arteko isunak jaso dituzte, protesta bat egiteagatik, eta ohartarazi dute ez dituztela ordainduko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeko 34 kidek salatu dute 21.000 euro arteko isunak jaso dituztela, 'mozal legea' oinarri, presoen sakabanaketa salatzeko abenduan hainbat lekutan kateatzeagatik.
Hori horrela, gazteek ohartarazi dute ez dutela ordainduko, eta isunak hautsi egin dituzte, agerraldi publiko batean.
Garazi Otsoa bozeramaileak prentsaurreko horretan azaldu duenez, "mozal legea" desobeditzea erabaki dute.
Horren esanetan, Ertzaintzak 3.959 aldiz ezarri du "mozal legea", batik bat Araban (1.600).
Horregatik, "jokaera hipokrita" izatea egotzi dio EAJri, "legea aitzakia hartuta herri mugimendua zigortzen" jarraitzen duelako.
Halaber, Otsoak nabarmendu du Ernaik mobilizazioekin jarraituko duela, presoek kondena bizitokitik gertu dauden espetxeetan betetzea aldarrikatzeko.