Politika -
Printze-printzesak, Bilbon
PSEk gaitzetsi egin du Koldo Mendez zinegotziaren jarrera
Zinegotzi sozialistak Asturiasko Printze-printzesak iraindu zituen atzo Bilbon. PSEk azalpenak eman ditzan eskatuko dio.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaleak "irmo" gaitzetsi du gaur Koldo Mendez Gallego Berrizeko (Bizkaia) Udaleko zinegotzi sozialistaren jokaera, atzo Asturiasko Printze-printzesak iraindu baitzituen Bilbon.
Pastorren esanetan, premia handiz azalpenak eman ditzan eskatuko diote, "gertatutakoa argitzeko", "eta ondoren neurri egokienak hartuko ditugu".
Gertatutakoa "zoritxarreko pasadizoa" izan dela esan du, zinegotziak "hausnarketa pertsonala" egin baitu, baina, dena dela, Alderdi Sozialistak ez duela haren jokaera "babesten ezta defendatzen ere" gaineratu du.
Koldo Mendez Gallego Euskadiko Profesional eta Langile Autonomoen Batasuneko (UPTA) idazkari nagusia ere bada.
Atzo arratsaldean atxilotu zuten, Felipe Borboikoa eta Letizia Ortiz Bilboko Campos Eliseos antzokian sartzekotan zeudela ustez irainak esateagatik.
Antza denez, "bizkarroi" esan zien eta "Gora Errepublika" eta "Heriotza Monarkiarentzat" aldarriak oihukatu zituen.
Gainera, uko egin zion bere burua identifikatzeari, ertzainek eskatu bazioten ere. Horrenbestez, Errege-etxea iraintzea eta agintariei desobeditzea egotzita atxilotu zuten.
Komisaria batera eraman zuten, baina handik eta ordu batzuetara ondoezik zegoen, eta osasun-etxe batera eraman zuten. Ondoren aske geratu zen, baina epaitegira joan beharko du deitzen dutenean.