Politika -

Amnistia Internazionala

AIk frankismoko ikerketetan aurrerapenik ez dela izan kritikatu du

Erakundeak dio "Espainiaren gainditu gabeko irakasgaia" dela oraindik biktimen "justiziarako eta ordainerako eskubidea". Tortura salaketak eta atxilotuen inkomunikazioa ere kritikatu ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amnistia Internazionala (AI) erakundeak Gerra Zibileko eta frankismo garaiko desagerpenen inguruan aurrerapausorik ez dela izan kritikatu du eta uste du "Espainiaren gainditu gabeko irakasgaia" dela oraindik biktimen "justizia eta ordainerako eskubidea".

Esteban Beltran AIk Espainiako Estatuan duen zuzendariak Giza Eskubideek munduan duten egoerari buruzko 2010 Txostenaren aurkezpenean adierazi duenez, Espainiak "lidergoa galdu du giza eskubideen alorrean", ez delako "ia aurrerapausorik eman" hobi komunei dagokionez eta justizia unibertsalaren printzipioa mugatu delako.

Haren esanetan, "orria pasatzeko, lehenik irakurri egin behar da". Beltranek gogorarazi du iragan irailean Espainiak Pertsona Guztien Behartutako Desagerketen kontrako Babeserako Nazioarteko Ituna sinatu zuela eta, hala ere, behartutako desagerpenak oraindik ez direla delitu moduan arautu.

2008ko abenduan, Auzitegi Nazionalak Gerra Zibileko eta frankismoko desagerpenak ikertzeko eskumenik ez zuela ebatzi zuen, eta 114.266 desagerpenen kasuak hobi komunak aurkitu zituzten 43 udalerritako instrukzio epaitegietara bidali zituen.

Gero, hamahiru epaitegik delitu komun moduan klasifikatu zituzten kasu horiek eta ikerketak artxibatu zituzten preskribatuta zeudelakoan. Soilik hiru epaitegitan klasifikatu zituzten Nazioarteko Eskubideko delitu preskribaezin moduan.

Memoria Historikoa

Martxoaren 11n, Senatuak atzera bota zuen lege aurreproiektu bat Gobernuak Gerra Zibileko eta frankismoko biktimak bila, hobitik atera eta identifika zitzan.

Amnistiak uste du "erabaki hori 2007ko Memoria Historikoaren Legearen kontra" doala, "senideei biktimak bilatzeko eta gorpuak hobitik ateratzeko laguntzak ematea aurreikusten duelako".

Torturak

AIk txostenean azaldu duenez, 2009an funtzionarioen tortura eta tratu txar salaketak izan ziren, baina Esquadra Mossoen komisarietan, berriz, salaketak asko murriztu dira, zaintza kamerak jarri dituztelako.

Era berean, erakundeak uste du terrorismoarekin lotutako delituen susmagarriei ezartzen zaien inkomunikazioarekin abokatua aukeratzea "mugatzen" diete eta torturak eta tratu txarrak jasateko arrisku handiagoan daude.

ETAk egindako atentatuek, indarkeria matxistak eta sexu-esplotazioak giza eskubideak urratzen dituztela ere aipatu dute, eta azken bien kasuan erakundeen erantzuna ez omen da nahikoa izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea