Politika -
ETA-k hildako enpresaburua
Joxe Mari Kortari omenaldia Zumaian, 16 urte geroago
Hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute, eta musikarekin amaitu da. ETAk Korta 2000ko abuztuaren 8an hil zuen, lapa-bonba bat bere ibilgailuan jarrita.
eitb.eus
Joxe Mari Korta enpresaburuaren senitartekoek eta lagunek omenaldia egin diote 12:00etan, Zumaian (Gipuzkoa). ETAk duela 16 urte hil zuen.
Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak omenaldia antolatu du. Aurreko urteetan bezala, ekitaldia eguerdian egin dute Korta makina-erreminta osagaien enpresaren alboan, Joxe Mari Korta industrialdean. ETAk Korta 2000ko abuztuaren 8an hil zuen, lapa-bonba bat bere ibilgailuan jarrita.
Hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute, eta musikarekin amaitu da.
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat bertan izan da. Hala, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak eta Jonan Fernandez Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak parte hartu dute.