Politika -

Defizitaren aurkako plana

ERREAKZIOAK: Legebiltzarreko taldeen erantzuna

EAJk "sinesgarritasun falta" salatu du, neurriak "zuzenak" direla uste du PSEk eta PPk enpresa publikoak murrizteko eskatu dio lehendakariari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ

EAJren esanetan, Patxi Lopezek azaldutako ekimenek ez dute "sinesgarritasunik", agintean egon den azken urte honetan, lehendakariak "gastua murriztu beharrean igo egin duelako". Joseba Egibarrek gogor jo du Zapateroren politika ekonomikoaren kontra, eta Euskadik "Espainiaren zorra ez duela ordaindu behar" gaineratu du.

"Guk Altxor propioa daukagu, euskal ogasuna, eta guk ez diogu Espainiako zorrari erantzun behar".

Jeltzaleen ustez, sozialistek gauza bat esaten duten bitartean, "beste bat egiten dute". Egibarren hitzetan, Zapateroren Gobernuak neurriak "inprobisatu" egin ditu. "Nork ordain dezake zorra? Funtzionarioek eta pentsiodunek", gaineratu du.

"Euskal erakundeek gure zorrei erantzun behar diegu, ez Espainiako zorrari".

PSE

Jose Antonio Pastorren ustez (PSE) neurriak "zuzenak" dira, eta "Euskadik dituen beharrizanen arabera" bultzatuko ditu Jaurlaritzak.

Neurri hauek martxan jartzea "min" egiten diela esan du Pastorrek, baina "beharrezkoak eta lehentasunezkoak" direla gaineratu du, batez ere Estatuko zorrak eta euroguneak jasan dituen "espekulatzaileen erasoen" ondorioz.

Beraz, "salbuespenezko egoera bati" erantzuteko neurriak direla uste du Pastorrek. Egoera hori Europako herrialde guztiek bizi dutela nabarmendu du. "Espainia, beraz, ez da salbuespena".

Iragarritako ekimenak, euskal autogobernuaren baitan aplikatuko dituztela azpimarratu du, beti ere "erantzukizunez, denak ontzi berean goazelako".

PP

Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak lehendakariari "artazia ateratzeko" deia egin dio, horrela enpresa publikoak % 50an murrizteko, eta diru hori inbertsioetan erabiltzeko xedearekin.

Zapaterok erabakitako neurrien "inprobisazioa eta kontraesanak" goraipatu ditu Basagoitik, eta lehendakariari "akats berdinak ez egiteko" eskatu dio. "Hemen ezin dugu Espainiako presidenteak hasitako bidea jarraitu", esan du.

Horregatik, Lopezi eskatu dio azken urteetako "apetak" ezabatzeko eta administrazioa "garbitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea