Politika -
Espainiako Gobernua
Bañezek hartuko ditu Osasun Ministerioaren ardura, Alonsoren ordez
Bañezek, gainera, Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroa izaten jarraituko du. Alonso PPren lehendakarigaia izango da irailaren 25eko hauteskundeetan.
Agentziak | Erredakzioa
Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroak bere gain hartuko ditu Osasun Ministerioaren lanak hemendik aurrera; izan ere, Alfonso Alonsok ministerio hori utzi behar izan du, irailaren 25eko EAEko hauteskundeetan PPren lehendakarigaia izango baita. Hala eman du jakitera Estatuko Aldizkari Ofizialak.
Osasun ministro ohiak berak esan du agur Twitterren, ondorengo mezuarekin: "Gaur utziko diot @marianorajoy-ren Gobernuko kidea izateari. Ohorea izan da Espainiako Gobernuan egotea. Eskerrik asko".
Bañezek Osasun Ministerioaren kontuak bere gain hartuko dituela zehazten duen Errege Dekretua, hain zuzen, ministro kargua izatea eta lehendakarigaia izatea bateraezinak direlako argitaratu dute.
Alonso, 2014ko abendutik ministroa
Abuztuaren 1ean egin zion uko kargu horri Alfonso Alonsok. 2014ko abenduan hasi zen Osasun ministro lanetan, Ana Matoren ordez.
Ahalegin handiak egin zituen, heldu eta berehala, Matok 2012an abiatutako osasun-erreformarekin jarraitzeko; osasun-laguntza espainiar eta egoera erregularrean zeuden immigrante guztien esku jartzeko eta farmazia-gastua murrizteko.
Halaber, Abortuaren Legearen erreforma bideratu zuen, bai eta Haurtzaroaren Plana eta emakumezkoen salerosketaren aurkako borroka ere.
2015eko urrian, Euskadiko PPren presidente hautatu zuten, Arantza Quirogaren ordez, azken honek dimisioa eman eta gero.