Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Basagoitik Lopez babesten jarraituko du Rajoy presidente izanda ere
EAEko PPren buruak bermatu egin du bere alderdiak eta PSE-EEk duten itunaren egonkortasuna, lehendakariak "Euskadin adeitasun eta askatasun gehiago lortzen jarraitzen badu".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak bere alderdiak eta PSE-EEk Legebiltzarrean duten itunaren egonkortasuna bermatuko du, nahiz eta Mariano Rajoy Gobernuko presidente izatera iritsi. Izan ere, Basagoitik esan du Patxi Lopez lehendakaria babestuko duela "Euskadin adeitasun eta askatasun gehiago lortzen jarraitzen badu".
Basagoitik Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, EAJ Euskadi "desegonkortzen" saiatzen ari da Madrilen, "EAJko batzuek" PSOEk PPrekin Estatu mailan duen gatazka EAEra "eraman nahi dute", baina ez omen dute lortuko.
"Sumendiaren errautsak Euskadira iristea nahi du EAJk, baina ez du lortuko, Euskadin garrantzitsuagoa baita ETA deuseztatzea eta desberdinon artean ulermena izatea Espainian batek edo besteak irabaztea baino", berretsi du buruzagi popularrak.
Basagoitiren esanetan, "Lopezek lau urteko agintaldia beteko du eta babesa eta gehiengoa izango ditu Legebiltzarrean, ETA deuseztatzeko eta adeitasuna sustatzeko" konpromisoarekin jarraitzen badu betiere.
Harremanak EAJrekin
EAJrekin dituzten harremanei buruz galdetuta, EAEko PPren presidenteak esan du "erabat normaldu" dituztela eta, bi alderdien artean "alde handiak" daudela onartu ostean, beste iritzi batzuekin bat egiten dutela onartu du eta Euskadirentzat onena bilatzeko "ulertzera behartuta" daudela.
Bere alderdiak jeltzaleekin dituen hartu-emanak EAEn erabakitzen dituztela azpimarratu du, "ez Genova kalean", PPren egoitza nagusian.
"Nire ustez, tokia bilatzen ari dena EAJ da, Zapateroren ontzitik jauzi egin du Madrilen dena babestu eta gero", adierazi du Basagoitik Alderdi Jeltzaleak Gobernuaren defizitaren kontrako planari ezetz esan diola-eta.
Bakerako hezkuntza plana ere izan du hizpide, eta Iñigo Urkullu buru duen alderdiak babestea "oso garrantzitsua" litzatekeela iritzi dio, planak "egonkortasuna eta ibilbidea" izan dezan.