Politika -
Filtrazioa
Marlaska abokatuen atxiloketari buruzko agiri bat ikertzen ari da
Jon Enparantza, operazioan atxilotutako abokatuaren emazteak dokumentua auzitegian aurkeztu du. Guardia Zibilaren arabera, miaketa batean lapurtutako agente baten "lan zirriborroa" da.
Erredakzioa
ETAren presoen kontrola burutzen duen aparatuaren parte izatea leporatuta atxilotu zituzten abokatuen operazioaren datuak dituen Guardia Zibilaren dokumentu bat ikertzen ari da Fernando Grande-Marlaska epailea.
Iragan apirilaren 14an, beste 11 lagunekin batera, operazioan atxilotu zuten Jon Enparantza abokatuaren emazteak aurkeztu du dokumentua Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. epaitegi zentralean.
16 orri dituen dokumentua Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eman du ezagutzera eta Enparantzaren emazteak bere etxebizitzako gutunontzian aurkitu zuen iragan apirilaren 22an.
Dokumentuak operazioaren plangintza bat, lan taldeen eraketarekin, talde horien arteko funtzioen banaketarekin, koordinazio mekanismoak eta atxiloketa eta miaketetan egin beharrekoak azaltzen ditu. Etxebizitzen miaketetan hartutako dokumentazioaren analisia eta jabetza ere zehazten ditu.
Testuak "abokatuekiko" eta Erramun Landa atxilotutako maisuari eman beharreko tratua ere zehazten ditu. Dokumentuaren arabera, atxilotu horien tratua "bikaina" izan behar da "atxiloketa unetik Madrilera eraman arte". Atxilotuek azterketa medikua pasatu behar zituzten ziegan sartu baino lehen eta Madrilera eraman baino lehen.
Grande-Marlaska epaileak dokumentuaren jatorriari buruzko txosten bat eskatu zion Guardia Zibilari, eta Institutu Armatuak "lan zirriborro" bat dela azaldu dio epaileari, eta agente batek erabilera partikularrerako egin zuenez, ofiziala ez dela azpimarratu du.
Guardia Zibilaren arabera, dokumentuan dauden datuak operazioa garatu baino lehen egindako "aurreko estimatzeak" dira. Dokumentuaren egileak eskema bat egin zuen prestatze bileretan emandako datuekin.
Dokumentuaren jatorriari buruz, Enparantzaren emazteak emandako azalpena "sinesgaitza" dela dio Guardia Zibilak. Haien bertsioaren arabera, dokumentu hori beste paper batzuekin batera agente batek Enparantzaren etxearen miaketara eraman zuen karpeta batean zegoen. Karpeta hori altzari baten gainean utzi zuen une batez eta ondoren batu egin zuen. Guardia Zibilaren ustez, dokumentu hori karpeta barrutik lapurtu egin zuten miaketa egiten ari zirela.
Apirilean izan zen operazioan Jon Enparantza, Arantza Zulueta eta Iker Sarriegi abokatuekin eta beste zazpi lagunekin batera atxilotu zuten. Gainera, Frantzian David Pla atxilotu zuten.
Atxilotu zituzten guztietatik bost lagun kartzelan sartu zituzten eta beste hiru aske utzi zituzten kautela neurriak ezarriz.