Politika -
Herstura plana
Soldata publikoek % 0,5 eta % 2,8 artean egingo dute behera EAEn
Urteko datuei dagokienez, guztira, % 1 eta 5 bitarteko beherakada izango da. Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euro inguru aurreztuko ditu doitze plan honekin.
Erredakzioa
Euskal funtzionarien eta langile publikoen soldaten beherakada % 0,56 eta % 2,86 artekoa izango da 2010eko ekainetik abendura bitartean. Neurriarekin 50 milioi euro aurreztuko dituzte.
Lan-kontratudun langileen eta sozietateetakoen soldatek ere beherakada berdina jasango dute, baina proportzio irizpideak kontuan izango dituzte.
Urteko datuei dagokienez, guztira, % 1 eta 5 bitarteko beherakada izango da.
Lehendakariaren soldata urtean % 8 jaitsiko da, sailburuena % 7 eta sailburuordeena % 6. Soldaten murrizketak datorren uztailean sartuko dira indarrean, baina ekaineko soldata ere baitan hartuko dute, ekainetik atzeraeraginezko efektua izango du, eta urte bukaerara arte mantenduko dira.
Gainera, euskal Administrazioan "neurri osagarriak" aplikatuz beste 50 milioi euro aurreztea espero du Eusko Jaurlaritzak. Erretiroak direla-eta libre geratu diren 166 lanpostuak amortizatuko dituzte, ordezkapenetan urteko gastua % 10 murriztuko dute eta ordezkapenen gastu osoa % 8 murriztuko dute.
Juan Carlos Ramos Funtzio Publikoko sailburuordeak agerraldia egin du, sindikatuekin bildu ostean. Euskal Administrazio Publikoko Mahai Nagusiko Akordioa jarraitzeko batzordea bildu da gaur.
2010ean (2011n soldatak izoztuko dituzte) funtzionario eta langile publikoen soldatetan izango diren murrizketak azaldu dizkie sailburuordeak sindikatuei, defizit publikoa murrizteko Gobernu zentralak onartutako Errege Lege Dekretua aplikatuz. Jaitsiera uztailean sartuko da indarrean, baina ekainaren 1era arte atzeraeraginezko izaera izango du.
Sindikatuak kontra
Mahaian ordezkaritza duten sindikatuak neurrien aurka agertu dira eta Euskadin ez aplikatzeko eskatu dute, sailburuordeak berak onartu duenez. Baina neurriak indarrean jarriko dituztela erantzun die Ramosek.
Eusko Jaurlaritzak Mahai Nagusiko akordioa "apurtu" duela salatu du ELA sindikatuak. "Alde bateko" erabakia izan dela adierazi du sindikatuak. ELAren ahotan, Gobernu zentralaren neurriak aplikatzea onartu du Jaurlaritzak, lanpostu publikoak "deuseztatuz" eta soldatak murriztuz. "Adostutakoa betetzeko eta salbuespen lege bat ez aplikatzeko" eskatu dio Gasteizko Exekutiboari
Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuek datorren astearteko, ekainak 8, greba deialdia zabaldu dute. Horrela, enpresa publikoetako langileak ere lanuztea egitera deitu dituzte, Eusko Jaurlaritzak soldaten murrizketak aplikatuko dituela erabaki ostean.