Politika -

Bilera-sorta

Sanchezek Rajoyrekin eta Iglesiasekin hitz egin du, ezer zehaztu gabe

Mariano Rajoyk "koalizio handia" egitea proposatu dio berriro Pedro Sanchezi. Pablo Iglesias, berriz, PSOErekin eta alderdi abertzaleekin akordioa bilatzearen aldekoa dela berretsi du.

Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. Artxiboko irudia: EFE
Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. Artxiboko irudia: EFE
Pedro Sanchezek Rajoyrekin ekin dio bilera-sortari

1:50

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezek telefonoz hitz egin du gaur Mariano Rajoyrekin eta Pablo Iglesiasekin, baina bakoitzak bereari eutsi dio eta ez dute erabaki zehatzik hartu, harremanetan jarraitzeko konpromisoa soilik.

Rajoyk bere inbestidura saioan porrot egin ostean, Sanchezek iragarri zuen bilera-sorta bat abiatuko zuela Espainiak bizi duen blokeo politikoari irtenbidea bilatzeko asmoz. Hori bai, Gobernua osatzeko hautagaia izango ez dela zehaztu du.

Goizean deitu dio Sanchezek Rajoyri. Hamar minutuz aritu dira hizketan, baina ez dute bilera egiteko datarik zehaztu; “harremanetan jarraitzeko” borondatea soilik agertu dute.

PSOEko eta PPko agintari bakoitzak bereari eutsi dio. Rajoyk "koalizio handia" egiteko proposamena luzatu dio berriro Sanchezi, baina honek bere inbestiduraren kontra bozkatuko duela berretsi dio, Alderdi Sozialistako iturriek zabaldu dutenez.

Espanian Gobernua osatzea premiazkoa dela, gogoeta egiteko, jarrera aldatzeko eta Estatu akordio handiak bilatzeari ekiteko eskatu dio Rajoyk Sanchezi.

Arratsaldean, Sanchezek Pablo Iglesiasi deitu dio eta 24 minutuz hitz egin dute. Bi agintariak bat datoz Espainiak justizia soziala eta eraberritze demokratikoa oinarri izango dituen Gobernua behar duela, baina ezberdintasunak ere badituzte.

Sanchezek konponbidea aldaketaren alderdiekin bilatu nahi du; Iglesiasek, berriz, PSOErekin eta Kongresuko alderdi abertzaleekin (ERC, Kataluniako Alderdi Demokratikoa eta EAJ) egin nahi du akordioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak PSOE PP Rajoy berriak Pedro Sánchez Gaurko azken ordukoa