Politika -
Eusko Legebiltzarra
Ganberak ez du onartu Anza auziaren ikerketa independentea eskatzea
Aralarren eta EAren ekimenak EAJren babesa izan du, baina PSEk, PPk eta UPyDk kontra bozkatu dute. Bestalde, ETArekin duen ustezko lankidetza argitzeko Venezuelari laguntza eskatu dio Legebiltzarrak.
Erredakzioa
Jon Anza ETAko ustezko kidearen heriotzaren "puntu ilunak" argitzeko ikerketa "independente eta sendoa" eskatzeko ekimena aurkeztu dute Aralarrek eta EAk Eusko Legebiltzarrean gaur, baina Ganberak atzera bota du. Anzaren gorpua martxoaren 11n agertu zen Tolosako (Frantzia) gorputegi batean, 11 hilabete desagertuta eman ostean. Testuak EAJren babesa jaso du, baina PSEk, PPk eta UPyDk kontrako botoa eman dute.
Aralarrek planteatu du ekimena eta ondoren Eusko Alkartasunarekin adostu du. Gasteizko Ganberan egindako osoko bilkuran eztabaidatu dute gaur. EAJk eta Aralarrek aldeko botoa eman dute eta PSEk, PPk eta UPyDk kontrakoa. EAko ordezkaria, ostera, ez da bozketan izan.
Anzaren gorpua Tolosako ospitale bateko gorputegian azaldu zen martxoaren 11n, ETAko usteko kidea 2009ko apirilaren 19an desagertu eta gero. Lesioak, hemorragiak edo indarkeria zantzurik ez zela baieztatu zuen gorpuaren autopsiak ondoren.
Eztabaida
Aintzane Ezenarreo Aralarreko bozeramailearen hitzetan, bertsio ofiziala "kontraesankorra" da eta alde "ilunak" ditu. Gainera, gertakariak era independente batean ikertzeko beharra azpimarratu du Ezenarrok, "Espainiako segurtasun indarrek Anza hil baino lehen atxilotu ote zuten eta gorpua ezkutatzeko lanetan Frantziaren parte-hartzea izan ote zen argitzeko".
Era berean, bertsio ofizialean "puntu ilunak" direla adierazi du Joseba Egibar EAJko ordezkariak, eta GALek "iragan hurbilean", Frantzian, egindako krimenak gogorarazi ditu.
Bestalde, Jesus Loza PSEko legebiltzarkideak ikerketan izan diren "akatsak" onartu ditu, baina Frantziako Justizia gertakaria ikertzen ari dela gogorarazi du eta Frantziako epaileen burujabetasuna zalantzan jartzea deitoratu du.
Venezuelaren laguntza
Bestalde, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak emandako auzipetze-autoa "betetzen " dela bermatzeko "laguntza" eskatu dio Venezuelako Gobernuari Eusko Legebiltzarrak. Venezuelako Exekutiboak ETArekin eta FARCekin izan ditzakeen loturen zantzuak biltzen ditu autoak.