Politika -

Barne zatiketa

Ezker Batuko sektoreek bi kontseilu egin dituzte, bananduta

Javier Madrazoren sektoreak bere eskuetan dituen botere ekonomikoak lagatzeko eta zuzendaritzaren organigrama aldatzeko eskatu du Mikel Aranaren Kontseilu Politikoak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Madrazo Ezker Batuako presidentearen eta Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiaren sektoreek bi kontseilu politiko ezberdin egin dituzte aldi berean arratsaldean, bakoitza bere aldetik, koalizioak Bilbon duen egoitzan.

Javier Madrazo EBko presidentearen sektoreak bere eskuetan dituen botere ekonomikoak lagatzeko eta zuzendaritzaren organigrama aldatzeko eskatu du Ezker Batuko Kontseilu Politikoak. Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusia Kontseilu Politiko horretan izan da.

Koalizioaren Bilboko egoitzan egin dute bilera ateak itxita eta organoak maiatzaren 21ean egindako bileran hartutako erabaki guztiak berretsi ditu Kontseilu Politikoak. Orduan botere ekonomikoak eskatu zituzten eta zuzendaritza berria hautatzeko organigrama aldatzea erabaki zuten. Era berean, Presidentetzak erabakia onartu zuen maiatzaren 31n.

Batzarra amaitu ostean, "Ezker Batuako estatutuak errespetatuz egin" dela azpimarratu du Mikel Aranak, izan ere, "koalizioko koordinatzaile nagusia bertan izan da eta Andres Diez Antolakuntza arduradunak antolatu du".

Bestalde, "gaur egindako Kontseilu Politikoa Berme Batzordeak legitimatu du, eta sektore guztien ordezkaritzarekin zuzendaritza berri bat proposatu du", Serafin Llamas presidentetzako koordinatzaileak, Javier Madrazoren sektoreko ordezkariak, azaldu duenez.

Kontseilu Politikoa "notario baten aurrean egin" dutela baieztatu du Llamasek, "eta horrek akordio guztien fede eman du".

Organigrama

Gainera, "organigrama anitz baten proposamena onartu dute gaur, bertan Sergio Fernandez Antolakuntza Idazkaritza mantenduko luke eta Andres Diez haren albokoa izango litzateke", adierazi du Llamasek.

Bestalde, Amaia Aparicio Finantza arduradun berria izango litzateke, eta Maria Luisa Sanchez haren albokoa. Bien bitartean, Ubaldo Ortizek Idazkaritza Instituzionala mantenduko luke, Sabin Zubiri alboko duelarik.

Serafin Llamas Presidentetzaren Koordinazioan mantenduko litzateke, Ana Telleria haren albokoa izango litzatekeelarik.

Era berean, Kontseilu Politikoak "Javier Madrazoren dimisioa onartu du", Llamasen ahotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea