Politika -
Grenoblen atxilotua
Urtzi Zubizarreta aske, Frantziak atzo Espainiari entregatu ostean
2005ean atxilotu zuten auto bat lapurtzen saiatzen ari zenean. Donostian autobus bati eraso egitea egotzi dio Auzitegi Nazionalak.
Erredakzioa
Poliziako agenteek Frantziatik Espainiara atzo ekarri zuten Urtzi Zubizarreta Lizundia eta gaur, Auzitegi Nazionaletik pasatu ostean, aske utzi dute. Donostian autobus bati eraso egitea egotzi dio Auzitegi Nazionalak.
Zubizarretak bost urteko espetxe-zigorra bete du Frantzian, gaizkile talde bateko kide izateagatik, armak eta lehergaiak izateagatik, lapurtzen saiatzeagatik eta nortasun agiri faltsuak eramateagatik.
Polizia Nazionalak jakitera eman duenez, talde armatuko kide izateagatik eta terrorismo delituengatik Zubizarreta atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak.
Zubizarreta 1983ko urtarrilaren 27an jaio zen eta Grenoblen atxilotu zuten, 2005eko uztailean, Oier Gonzalezekin batera auto bat lapurtzen saiatzen ari zenean.
Lehenxeago, Zubizarretak Donostiako autobus bati eraso egin zion 2000ko abuztuan, Jon Troitiño Ciria, Eneko Aizpuru Giraldo, Ekaitz Aguirre eta Jon Markel Ormazabal Gaztañagaren laguntzarekin.
Iaz, azaroan, bost urteko espetxe-zigorra ezarri zion Pariseko Auzitegiak. Zigorra bete ostean Zubizarreta behin betiko kanporatzea erabaki zuen auzitegiak. Agindua atzo bete zuten.