Politika -
Kongresua
De Guindosek aitortu du Soriaren postua ez zela lehiaketa publikokoa
Espainiako jarduneko Ekonomia ministroak baieztatu du ez dela funtzionarioen arteko lehiaketa bat, baizik eta “izendapen diskrezionala”, Gobernuak hasieran esandakoaren kontra.
agentziak | erredakzioa
Luis de Guindos Espainiako jarduneko Ekonomia ministroak aitortu du Jose Manuel Soria ministro ohiarentzat aurreikusi zuten Munduko Bankuko postua ez dela lehiaketa publikokoa, baizik eta "izendapen diskrezionala". Dena dela, ukatu egin du izendapen politikoa dela.
Ministroak Kongresuko Ekonomia Batzordean egindako agerraldian azaldu duenez, izaera teknikoko izendapena da, baina ez da Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren arabera egiten.
Funtzionarioen arteko lehiaketarik ez dela egiten baieztatu du De Guindosek, Soriaren izendapenaren berri izan ostean Gobernuak hasieran eman zituen azalpenen kontra.
"Prozeduran gardentasuna dago", berretsi du ministroak, eta Soriarentzat izan behar zuen postua ez dela politikoa azpimarratu du.