Politika -
Presoak
Etxeratek Guardia Zibilaren beste jazarpen kasu bat salatu du
Guardia zibilek pistolarekin mehatxu egin zieten Kordoban bisita bat egitera zihoazen senide batzuei, eta horietako bati eskuburdinak jarri zizkioten. Gero, agenteek esan zieten "akatsa" izan zela.
eitb.eus
Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak gogor salatu du Guardia Zibilak Kordobako espetxera bisita egitera zihoan senideen furgoneta oldarkor gelditu izana. Sei bidaiariek azaldu dute nola ikusi zuten lau agente, armak eskuan, korrika haiengana hurbiltzen.
Akatsa izan zela esan zuen gero Guardia zibilak, baina Etxeratek zalantzan jarri du. Hala, dispertsioaren aurkako konpromisoa hartzeko eskatu die Etxeratek indar politiko, sindikatu eta eragile sozialei.
Azaldu dutenez, gidariari pistola buruan jarri eta kanpora aterata, lurrean etzatera derrigortu zuen Guardia Zibilak. Hala kontatu dute Mirentxin Elkartasun Kolektiboko bi gidarik, eta haiekin Kordobako espetxera bidean zihoazen lau senidek.
Xabi Berra gidarietako batek azaldu du agenteek etengabe oihukatu zutela operazio antiterrorista batean zeudela, eta urduritasun handiko uneak bizi izan zituztela.
Gero, guardia zibilek akatsa izan zela esan eta ez zituzten furgoneta erregistratu ezta bidaiariak identifikatu ere.
Etxeratek bidaiak zailtzeko eta senideen nekea areagotzeko asmoa ikusten dute gertaera honen atzean.