Politika -
Dispositibo berezia
5.000 agente arduratuko dira I25eko hauteskunde eguneko segurtasunaz
Agenteen erdiak hauteslekuak zuzenean zaintzeaz arduratuko dira, eta gainerakoek herritarrak babeserako lanak egingo dituzte.
EITB.EUs
Irailaren 25eko hauteskunde eguna normaltasunez joan dadin, segurtasun dispositibo berezia ezarriko dute Ertzaintzak eta udaltzaingoek, Segurtasun Sailak gaur ohar batean jakinarazi duenez. Hala, 5.000 ertzain eta udaltzain arituko dira segurtasuna zaintzeaz.
Agenteen erdiak hauteslekuak zuzenean zaintzeaz eta babesteaz arduratuko dira, eta gainerakoek herritarren babeserako lanak egingo dituzte. Zeregin horretan, Ertzaintzaren unitate eta zerbitzu espezializatuen laguntza ere izango dute (lehergaiak, txakurrak, helikopteroak, lurpea, brigada mugikorra, eta abar).
Hauteslekuak babestera zuzenduko diren agenteak hauteskunde-mahaietako presidenteen esanetara izango dira ordena mantentzeari dagokionez. Agente horien egitekoen artean, barrutian eta inguruetan propaganda politikoa debekatzea eta hauteslekuetara pertsonen sarrera ordenatua kontrolatzea daude. Bozkatzera joaten direnen aurkako edonolako hertsapenak edo presioak saihesteko ardura ere izango dute. Bestalde, pertsona gaixoen edo ezinduen irisgarritasuna erraztuko dute, ahal duten heinean, Gurutze Gorriko eta DYAko osasun-langileekin elkarlanean.
Boto-zenbaketa amaitutakoan, Ertzaintzak eta udaltzaingoek Bake Epaitegietan hauteskunde-dokumentazioa entregatzen lagunduko diete hala eskatzen duten hauteskunde-mahaietako kideei, joan-etorria erraztuz.